Politika -
COVID-19
Pandemian "nahasmena sortzeari uzteko" eskatu dio Iriartek Eusko Jaurlaritzari
Horrekin batera, "eskola-itzulerako plan serio baten gabeziagatik hezkuntza-komunitatearen kezka konpartitzen" duela azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak larunbat honetan adierazi duenez, "osasun larrialdia ezartzeak ez du ezertarako balio neurri zehatzak hartzen ez badira". Horrekin batera, "nahasmen sortzeari uzteko eta arazoa osotasunean eta modu konpartituan kudeatzeko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Sare sozialen bidez zabaldutako mezuan bere kezkarik "handiena" azaldu du Iriartek, covid-19agatik EAEn izandako kasu positibo kopuru handiagatik, ospitaleratzeengatik eta azken orduetako hildakoengatik.
EH Bilduren ordezkariaren hitzetan, "normaltasuna ematearen EAJ-PSEren estrategiak kale egin du, baina egoera latz honi aurre egin ahal diogu elkarlanetik egiten badugu".
Gainera, ikasturte berriaren atarian, "eskola-itzulerako plan serio baten gabeziagatik hezkuntza-komunitatearen kezka konpartitzen" duela azpimarratu du.
"Ez dugu ulertzen zeren zain dauden, eta zergatik leporatzen dieten erantzukizun osoa ikastetxeei, irakaslegoari, gurasoei eta ikaslegoari", gaineratu du.
Iriarteren aburuz, "birusari aurre egiteko erantzukizun indibiduala eta kolektibo funtsezkoak dira", baina "Gobernu serio batek ezin dio bere erantzukizun propioari uko egin, eta biztanle-talde zehatzei egotzi, uneoro egiten duen bezala".