Politika -

Alderdiaren finantzaketa

Epaileak Pablo Iglesiasen kolaboratzaile estu bat eta Podemoseko diruzaina deitu ditu

Azaroaren 20rako deitu dituzte, ikertu gisa, besteak beste, bidegabeko eralgitzea eta administrazio desleiala egotzita.

Pablo Iglesias komunikabideen aurrean. Artxiboko argazkia: EFE.
Pablo Iglesias komunikabideen aurrean
Pablo Iglesias komunikabideen aurrean. Artxiboko argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Jose Escalonilla Madrilgo 42. Instrukzio Epaitegiko titularrak Juan Manuel del Olmo Podemoseko Komunikazio idazkari, kanpainen arduradun eta Pablo Iglesiasen kolaboratzaile estua, Daniel de Frutos diruzaina eta Rocio Esther Val gerentea deitu ditu, Jose Manuel Calvente abokatu kaleratuak bidegabe eralgitzeagatik eta bidegabeko administrazioagatik jarritako salaketaren harian.

Publiko hedabideak aurreratu eta Europa Press albiste-agentziak baieztatu dutenez, magistratuak azaroaren 20rako deitu ditu hirurak, ikertu gisa, Calventek Escalonillaren aurrean salaketa berretsi eta uztailaren amaieran hainbat orduz deklaratu ostean.

Zitazio horiez gain, epaileak beste eginbide batzuk ere agindu ditu abiatu duen auziaren baitan, Podemosi dokumentazio ugari eskatu baitio, kontabilitate alorreko datuak eta langileen soldaten berri, besteak beste.

Calvente, Gloria Elizo (Kongresuko hirugarren presidenteorde eta Podemosen talde legaleko arduradun ohia) eta Monica Carmona (abenduan kaleratu zuten alderdiko abokatu ohietako bat) deklaratu ostean egingo dituzte agerraldiak. Irailaren 15erako deitu dituzte biak, Calventek salatutakoa argitzeko.

Barne ikerketa

Abokatuak Europa Press albiste-agentziari azaldu dionez, Carmona eta bera barne ikerketa bat egiten ari ziren Podemosen irregulartasunak egon zitezkeelako. Irregulartasunak: justifikatu gabeko gastuak, alderdiaren aurrekontuetan aurreikusi gabeak edo gainsoldatak. Podemosen hainbat hauteskunde-kanpainatan lan egin duen Neurona Comunidad SL komunikazio politikoko enpresaren aurkako susmoak ere zuzentzen ditu.

Nolanahi ere, Calventek argi utzi nahi izan du berak ez duela Podemos pertsona juridiko gisa salatu, bere idazkia ez dela pertsona jakin batzuen aurkakoa, eta ustez irregularrak diren gertakari batzuen berri eman besterik ez duela egin esan du; beraz, epaileak erabaki behar du, ikertu ostean, zeintzuk diren ustezko delitu horien arduradunak.

Abokatua abenduan kaleratu zuten, Marta Flor alderdiko beste abokatu batek sexu-jazarpena eta laneko jazarpena salatu ostean, eta Madrilgo beste epaile batek auzi hori artxibatu egin duela nabarmendu du, ez baitu horren inguruko zantzurik aurkitu.

Del Olmoren, diruzainaren eta gerentearen inputazioen aurrean, Podemoseko iturriek Europa Press albiste-agentziaren arabera, Escalonilla epailea "ikerketa prospektibo bat" egiten ari da, "ikerketa hasi zenetik ikertuak erruduntzat jota".

Horien ustez, ikerketa horien helburua da auzia "hilabete asko iraungo dituen kasu mediatiko" bihurtzea, "gero juridikoki ezerezean geratzen bada ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Albisteak