Politika -
Bateragune auzia
Otegi: "Estatuko estoldetan azpilanean egindako operazio politikoa izan zen"
“Oso garesti ordaindu dugu, baina herri honengatik egindako lanarekin oso harro gaude; prezio hori ordaintzeko prest egon gara”, ziurtatu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
Agentziak | Erredakzioa
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ahotan, Bateragune auziaren epaia bertan behera uztea “garaipen juridikoa” da. “Estatuko estoldetan azpilanean egindako operazio politikoa izan zen”, salatu du. Era berean, “garaipen politikoa” lortu dutela azpimarratu du Otegik, ezker independentista, hamar urte geroago, , “indartsuagoa” delako.
Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaletarekin batera aurkeztutako helegiteak onartu zituen Auzitegi Gorenak ostiralean, eta 2012ko epaia bertan behera utzi zuen aretoak. Guztiei sei urte eta erdiko zigorrak ezarri zizkieten, erakunde terroristako kide izatea egotzita, Bateragune auzian. Larunbat honetan prentsaurrekoa eman dute Donostian.
“Oso garesti ordaindu dugu, baina herri honengatik egindako lanarekin oso harro gaude; prezio hori ordaintzeko prest egon gara”, ziurtatu du Arnaldo Otegik. “Bide baketsu eta demokratikoen aldeko apustua noiz” egingo duen esatea eskatu dio Estatuari.
Otegiren esanetan, EAEn hauteskundeak egin eta “15 egun geroago” Gorenak erabakiaren berri ematea “bitxia” da. Estrasburgoko Auzitegiak duela bi urte plazaratutako epaia aplikatzeko, “folio bakarra idazteko eztabaidak luzatu behar izan ditu segur aski”, adierazi du ironiaz.
Buruzagi abertzalearen ahotan, “Estatu operazio bat izan zen, PSOEren gobernu batekin Estatuko aparatuek egindakoa”. “Ezker abertzaleak estrategiaz aldatzea” saihestu nahi zuten, ezker abertzalea “zatitu aktibo garrantzitsuenak” espetxeratuz, eta “ezker abertzalearen proiektua suntsitzea” bilatu zuten, erantsi duenez.
Duela hamar urte ezker abertzalea legez kanpo zegoen, eta orain EH Bildu “lehen indarra da” Euskadiko eta Nafarroako udaletan, eta “zazpi lurraldeetan hazkunde homogeneoa du”, gogorarazi duenez.
“Irakurketa oso erreza da, gaur eurak ahulagoak dira eta ezker abertzalea indartsuagoa, garaipen juridiko eta politikoa izan da”, nabarmendu du.
“Egin beharrekoa egin genuen, ordaindu beharreko prezioa zen”, gaineratu du prentsaurrekoan. Rafa Diezek eta Miren Zabaletak Otegi lagundu dute agerraldian.
“Espainiaren batasuna argudio demokratiko eta indarkeriarik gabe defendatzeko” eskatu dio EH Bilduko koordinatzaileak Estatuari. Era berean, “tortura egiturazko estrategia” dela eta “espetxeratzeko frogak eraikitzen” direla onartzeko eskatu dio.
Kalte-ordaina
Iñigo Iruin abokatuak agerraldian iragarri duenez, bost kaltetuek “Estatuaren ondare erantzukizuna” eskatuko dute, “justizia administrazioak egindako kalte nabarmenagatik”. Horrela, kalte-ordaina eskatuko dute.
Iruinek zehaztu duenez, “hanka-sartze judizialagatik” Estatuari kalte-ordaina eskatuko diote.