Politika -

Presoak

Atera da Josu Urrutikoetxea kartzelatik

Urrutikoetxeak 69 urte ditu, eta 10:38an irten da espetxetik, bere abokatuaren autoan. Osasunez larri dabil, baina etxean bete beharko du zigorra.

Josu Urrutikoetxea kartzelatik ateratzea baimendu du Frantziak, osasun arazoengatik
Josu Urrutikoetxea kartzelatik ateratzea baimendu du Frantziak, osasun arazoengatik
Josu Urrutikoetxea espetxetik atera da

0:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi ohia Pariseko La Sante espetxetik atera da gaur, osteguna. Frantziako hiriburuko etxe batean bete beharko du zigorra, eta eskumuturreko telematikoa eramango du gainean. 2019ko maiatzean atxilotu zuten.

Urrutikoetxeak 69 urte ditu, eta 10:38an irten da espetxetik, bere abokatuaren autoan. Haren irteeraren zain zeuden hainbat lagunek, Urrutikoetxearen bi seme nagusiekin batera, ibilgailuaren leihoak estali dituzte aterkiekin.

Egoitz Urrutikoetxeak azaldu duenez, "agintari judizialen aurrean bere burua defendatzeko aske aurkeztea ahalbidetuko dion aro berri bat da".

Josu Urrutikoetxearen semearen iritziz, Parisko Apelazio Auzitegiaren erabakiak "auzitan jartzen ditu Espainiako agintari judizialek egindako eskaerak (estradizioa eta entrega), eta, era berean, bidea irekitzen du euskal presoen auzia konpontzera".

Bere hitzetan, karzelatik kanpo egoteak dituen abantailez gozatzeko aukera izango du Josu Urrutikoetxeak, baita osasun eta adinari loturiko gorabeherei aurre egiteko ere. Dena dela, Frantziako kartzela administrazioarentzat pultsera telematikoa "kartzelaldiaren parekoa" dela nabarmendu du.

Alabaina, Euskadi Irratiko Faktoria saioan deitoratu duenez, Espainiak aitaren aurkako prozedura bide juridikotik baino, "kontakizunaren lerrotik" garatu du eta bide horretatik jardungo du datozen aste eta hilabeteetan.

Bere iritziz, Parisko Apelazio Auzitegiaren ebazpenak erakusten du legeak betez gero "gatazkaren konponbidean urratsak" eman daitezkeela, gaixo daudenen kasuetatik harago. "Iraganean katramilaturik" jarraitu nahi dutenei mezu bat helarazten diela ere azpimarratu du.

Apelazio Auzitegiko instrukzio aretoko presidenteak asteazkenean azaldu zuenez, sei hilabeterako ezarri diote etxeko atxilotze erregimena, eta justiziak deitutako hitzordu guztietara joan beharko da, nortasun agiriak eman beharko ditu aldean eta ezingo da frantziar Estatutik atera.

Bizitokia Parisko III. barrutian izango du, hirigunean, Goi Mailako Eskolako unibertsitate-irakasle baten etxean. Egunean bi orduz atera ahal izango da kalera goizetan, eta bost orduz arratsaldetan, astelehenetik ostiralera. Larunbat eta igandetan, berriz, sei ordu igaro ahal izango ditu etxetik kanpo.

Osasunez larri dabil Urrutikoetxea, eta osasun arrazoiak medio utzi diote espetxetik ateratzen. Udazkenean, uneotan irekita dituen auzibideei aurre egin beharko die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Paris Presoak Frantzia ETA Eguneko albisteak Albisteak