Politika -
Ostiral honetan
Presidenteen biltzarrera joateko eskatu dio Sanchezek Urkulluri gutun bidez
Espainiako Gobernuko presidenteak Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa deitzeko konpromisoa azpimarratu du, eta ostiral honetako bilerara joateko eskatu dio jarduneko lehendakariari.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eskutitz bana bidali die Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariari eta Quim Torra Generalitateko presidenteari, eta, bertan, ostiraleko presidenteen biltzarrera joateko eskatu die bi agintariei. Izan ere, topaketa horretara joateko asmorik ez dutela adierazi dute biek azken orduetan.
"Oso garrantzitsua da topaketa garrantzitsu honetan parte hartzea", esan die Sanchezek bi agintariei asteazken honetan idatzi dizkien gutunetan.
Ildo horretatik, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa biltzeko egin duen eskaria ulertzen duela adierazi dio Sanchezek Urkulluri, baina "azken hilabeteetan gure herrialdeak jasan duen egoera" gogoan izateko eskatu dio. Nolanahi ere, batzorde hori deitzeko konpromisoa duela ziurtatu dio.
Bestalde, Espainiako Gobernuak administrazio autonomikoen behar eta eskaerak entzuteko borondatea duela esan dio Torrari, baina "interes ezberdinak bereizteko" egiten ari den ahalegina kontuan izateko eskatzen dio, "lurraldeen arteko elkartasuna bermatzea" ahalbidetuko duen sistema bat lortzeko.