Politika -
Presidenten biltzarra
Gorrotxategi: 'Urkulluk biltzarrera joan beharko luke, eraikitzeko unea baita"
Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren lehendakarigaiak Urkulluri buruz esan du "etengabean" Sanchezekin haserre dagoen lehendakaria dela, eta haren erabakia "kontu alderdikoia" dela.
AGENCIAS | REDACCIÓN
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren lehendakarigaiak baieztatu du uztailaren 31n egingo duten presidenteen biltzarrean egon beharko lukeela Iñigo Urkulluk, "eraikitzeko garaia delako, eta ez nork bere zilborrari begiratzeko unea".
Cadena Ser irrati katean egin dioten elkarrizketan, Gorrotxategik uztailaren 12ko hauteskundeetako emaitzak aztertzeko denbora ere hartu du. Elkarrekin Podemosek sei eserleku galdu zituen, orduan.
Ildo horretan, ukatu egin du Pablo Iglesiasen lidergoa ez dagoela bermatuta: "Bozetako emaitzak uste baino okerragoak izan badira ere, ez dute Iglesiasen lidergoarekin zerikusirik".
Gorrotxategiren ustez, "pandemiarekin bizi dugun egoera honetan, oso zaila da mezu politikoak helaraztea", eta "gainera abstentzioak ez die guztiei berdin eragiten, ezkerreko alderdiak izaten baitira kaltetuenak".
Modu horretan, Podemosen proiektua Euskadin "bermatuta" dagoela defendatu du, "nahiz eta barne gatazkak izan".
Era berean, azpimarratu du EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa iritsi bitartean, EH Bildurekin batera hiruko gobernua osatzeko aukera dagoela. "PSE-EEk aukeratu beharko du EAJren makulu izanda eskuineko gobernu kontserbadore bat sortu nahi duen ala hirukoaren alde egiten duen", gaineratu du.
Bukatzeko, eta Iñigo Urkulluk uztailaren 31ko biltzarrera ez joateko hartutako erabakiaren harira, Gorrotxategik gogorarazi du lehendakariak, pandemian zehar, bere haserrea erakusteko erabili izan dituela Pedro Sanchezekin izandako bilerak.
"Etengabe Sanchezekin haserre dagoen lehendakaria da. Afera alderdikoiak dira, eta krisi sozial eta ekonomiko bati aurre egin beharrean gauden honetan, kontu horiek ez dira onak", berretsi du.