Politika -

Atxiloketa

Itxaso Zaldua preso ohi hernaniarra atxilotu dute Auzitegi Nazionalaren aginduz

ETAko kidea izateagatik espetxe zigorra bete zuen Zalduak 2005etik 2017ra, eta orain Manuel Gimenez Abaden hilketagatik deitu dute deklaratzera.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itxaso Zaldua preso ohi hernaniarra atxilotu du Espainiako Poliziak Auzitegi Nazionalaren aginduz, auzi berri bat ireki baitu bere aurka, Manuel Gimenez Abad PPren Aragoiko buruaren hilketarena hain zuzen ere, Efe albiste-agentziak jakinarazi duenez.

Gimenez Abad 2001eko maiatzaren 6an hil zuten Zaragozan, eta epaileak uste du Zalduak harremanen bat izan dezakeela hilketa harekin. Ondorio horretara iristeko, Frantziako agintariek Espainiakoen esku utzitako dokumentazioa hartu omen dute oinarri.

Bihar eramango dute Santiago Pedraz epailearen aurrera, sekretupean gorde duten auzi baten barruan deklaratzera, Efe albiste-agentziak iturri juridikoak aipatuta jakinarazi duenez.

Hernaniarrak kartzela-zigorra bete zuen 2005etik 2017ra ETAko kide izateagatik.

EH Bilduk adierazi du gaurkoa bezalako atxiloketek ez dutela "tokirik Euskal Herrian".

Horixe adierazi du Twitterren Zalduaren atxiloketari erreferentzia eginez, eta gaineratu du "espetxeak husteko garaia" dela, "ez betetzekoa". "Gaurkoa bezalako atxiloketek ez dute tokirik Euskal Herrian", azpimarratu du koalizio independentistak.

Bestalde, Arkaitz Rodriguez Sorturen buruzagiak galdetu du ea "noizko estatuen aldetik bide politiko eta demokratiko hutsekiko apustua".

Era berean, LABek esan du "iraganeko errezetekin tematuta dauden aurrean, preso eta iheslarien aferari behin betiko konponbidea emateko garaia" dela. Horregatik, Zaldua "lehenbailehen askatzea" eskatu du.

Bestalde, atxiloketaren aurka protesta egiteko, Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformak manifestazioa deitu du gaur, 19:00etan, Hernaniko Gudarien plazan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostiako azken albisteak Hernani Presoak bideoak ETA Eguneko albisteak Albisteak