Politika -

Katalunia

Torrent: "Estatuak espioitza erabiltzen du disidentzia politikoaren aurka"

Parlamentuko presidenteak jakinarazi du auzitegira joko duela eta iragarri du CUPeko Anna Gabriel eta ANCko kide bat ere zelatatu zituztela.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea. Argazkia: EFE
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea.
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen aurkako espioitza kasu bat azaleratu dute gaur El Pais eta The Guardian egunkariek, eta ERCko politikariak auzitegira joko duela iragarri du eta Espainiako Gobernuari ikerketa bat abiatzeko eta ardurak argitzeko eskatu dio.

Aipatu komunikabideek egindako ikerketaren arabera, 2019an Torrenten sakelako telefonoak eraso informatiko bat jasan zuen eta Israelgo NSO konpainiak egindako Pegasus programa zelataria instalatu zioten. Aplikazio hori gobernuek eta segurtasun indarrek soilik eskuratu dezakete, terrorismoaren kontrako borrokan erabiltzeko.  

Agerraldi instituzional batean, Torrentek esan du gertakari "oso larria" dela, "Estatu espainiarrean disidentzia politikoaren aurka espioitza erabiltzen dela erakusten duelako".

The Guardian eta El Pais egunkarietako bi kazetariren bidez jakin zuen duela bi egun telefono mugikorraren bidez zelatatu egin zutela. 2019ko apirila eta maiatza bitartean, WhatsApp aplikazioan izandako hutsegite bat baliatu zuten "gobernuak eta segurtasun indarrek soilik eros dezaketen softwarea instalatzeko".

Hortaz, Torrent zelatatzeko agindua eman zutenek haren mezuak eta elkarrizketak eskuratu ahal izan dituzte. "Honek erakusten du nazioarteko hainbat erakundek sarritan salatu dutena egia dela: estatu askotan programa hori erabiltzen ari direla disidentzia politikoa jazartzeko", deitoratu du. "Gaur badakigu estatu horien artean Espainia ere badagoela", erantsi du.

Horrez gain, Torrentek jakinarazi du Anna Gabriel CUPeko diputatu ohia eta ANC erakundeko kide bat ere zelatatu zituztela.

"Beti izan dugu susmoa independentismoaren aurka gerra zikina erabiltzen ari zirela, baina orain froga argiak ditugu hala dela esateko", adierazi du.

Arerio politikoak zelatatzea "oso larria" dela azpimarratu du. "Nire intimitatea eta komunikazioak sekretupean mantentzeko eskubideak urratu dituzte eta ez dut aukerarik nire proiektu politikoa jazarpenik gabe defendatzeko", salatu du.

Hori dela eta, hau guztia argitzeko auzitegira joko duela eta eskura dituen bitarteko juridikoak eta politikoa erabiliko dituela esan du.

"Historiako Gobernurik progresistena omen denak argitu beharko luke zenbat pertsona ari diren une honetan espiatzen", adierazi du.

Torrenten ustez, Espainiako Gobernuak kasu honen berri bazeukan, "espioitzaren konplizea izango litzateke". Alabaina, "honen berririk izan ez badu, oso kezkagarria izango litzateke, arduragabekeriaz jokatu dutela ondorioztatu daitekeelako".  

Gauzak horrela, gertakaria ikertzeko, ardura guztiak argitzeko eta "independentismoaren aurkako gerra zikina" amaitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Bestalde, ERCk Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren agerraldia eskatu du Kongresuan azalpenak eman ditzan. JxCatek eskari bera sartu du Senatuan.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean Espioitza Politikoa