Politika -
Katalunia
Torrenten mugikorra gobernuei bakarrik saltzen zaien programa batekin zelatatu zuten
Besteak beste, elkarrizketak entzuteko, mezuak irakurtzeko, pantaila-irudiak egiteko eta kamera zein mikrofonoa urrutiko kontrol bidez aktibatzeko aukera ematen du programak.
Agentziak | Erredakzioa
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen telefono mugikorra zelatatu zuten 2019an, Israelgo NSO teknologia konpainiak garatutako Pegasus programaren bidez. Zehazki, gobernuei eta segurtasun indarrei soilik saltzen zaien programa bat da, krimenari eta terrorismoari aurre egiteko erabili ohi dena.
Antza denez, 2019ko apirila eta maiatza bitartean, WhatsAppek izandako segurtasun akats bati esker Torrenten telefonoari eraso egiteko aukera izan zuten espioitza programa horrekin, El País eta The Guardian egunkarien ikerketa baten arabera. WhatsAppek izan zuen segurtasun akats larri horrek 1.400 mugikor inguru arriskuan jarri zituen munduan.
Besteak beste, elkarrizketak entzuteko, mezuak irakurtzeko, disko gogorrera sartzeko, pantaila-irudiak egiteko, aurretik kontsultatutako webgune guztiak berrikusteko eta gailu horren kamera eta mikrofonoa urrutiko kontrol bidez aktibatzeko aukera ematen du programak.
Informazio horren aurrean, Torrentek agerraldia egingo du 12:00etan, Kataluniako Parlamentuko audientzia aretoan.