Politika -
Ipar Euskal Herria
Abertzaleek ez dute Euskal Elkargoko presidente kargurako hautagairik aurkeztuko
Euskal Herria Baik Jean-Rene Etchegaray Baionako alkatearen aldeko botoa emango du bozketan.
eitb.eus
Abertzaleek ez dute Euskal Hirigune Elkargoko presidente kargurako hautagairik aurkeztuko. Jean-Rene Etchegaray Baionako alkatearen aldeko botoa emango dute bozketan.
"Gaur egun esku artean ditugun elementuak kontutan harturik eta Ipar Euskal Herriko egoera politiko orokorraz jabeturik, EH Baiko militanteek kontsideratu dugu baldintzak ez direla bilduak uztailaren 17an, abertzale baten hautagaitza aurkezteko Euskal Elkargoko presidentetza kargurako", azaldu du koalizio abertzaleak agiri batean.
Euskal Herria Baik bere ez ohiko Biltzar Nagusia egin zuen ostegun gauean, Uztaritzen (Lapurdi), Euskal Elkargoko presidentetza gaia aztertzeko. "Biltzar Nagusian izandako barne eztabaidaren kalitatea azpimarratzekoa da", azpimarratu du EH Baik ohar batean.
Hala ere, "Alain Iriartek bultzaturiko hautagaitza abertzalea erabat zilegi litzateke eta argi dugu gaitasun guztiak dituela Euskal Elkargoko presidente ona izateko", erantsi dute.
"Aukera honen inguruko gogoeta komuna eraman dugu azken egun hauetan Alain Iriartekin. Baina, egungo testuinguru politikoaren azterketa izan da gure erabakia hartzera bultzatu gaituenak", nabarmendu dutenez.
Azkenik, "krisi ekonomiko eta sozialak, larrialdi klimatikoak, euskararen defentsak eta bake prozesuaren jarraipenak, goi mailako erantzun politiko eta instituzionalak eskatzen dituzte", onartu du EH Baik.
"Prest gara erabaki guneetan parte hartzeko, Ipar Euskal Herriko biztanleen mesedera. Era berean, Euskal Elkargoaren funtzionamendu hobea eta demokratikoago bat bultzatuko dugu, herritarren eta herriengandik hurbilago izateko", gaineratu dute.