Politika -

Sakabanaketa eta urruntzea

Presoen eskubideen "urraketa sistematikoa" salatu dute Iruñean

Espainiako estatuan ia 8.000 preso zigorra euren etxeetatik urrun betetzen ari dira, horietatik 184 nafarrak.

Protesta Iruñeko Gazteluko plazan. Argazkia: EFE
Protesta Iruñeko Gazteluko plazan. Argazkia: EFE
Nafarroako 184 presoren eskubideen ''urraketa'' salatu dute Iruñean

1:10

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presoen eskubideen "urraketa sistematikoa" salatzeko protesta egin dute Iruñean; izan ere, Espainiako estatuan ia 8.000 preso zigorra euren etxeetatik urrun dauden espetxeetan betetzen ari dira. Gainera, kaltea are handiagoa da COVID-19aren ondorioz ezarritako neurriengatik.

Salhaketa, Etxerat, Altsasu Gurasoak eta Sare Herritarrak deitu dute protesta, #SOSPresoakCovid19 dinamikaren baitan. Etxetik urrun dauden presoen egoera bereziki penagarria salatu dute, pandemiak senitartekoekin harremana izatea zaildu baitu.

Espainiako estatuan ia 8.000 preso zigorra euren etxeetatik urrun betetzen ari dira, horietatik 184 nafarrak. Azken zenbaki hori marra zuri zabalekin irudikatu dute antolatzaileek oihal beltz baten gainean, Gazteluko plazan.

Megafoniaren bidez grabazio batek kolektiboaren argudioak gogorarazten zituen bitartean, bi pertsonak 184 zenbakiaren inguruan preso nafarren izenak jarri dituzte paperetan. Dozenaka pertsona bildu dira protestan, maskarekin jantzita eta distantziak gordeaz. Euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako leloak karteletan erakutsi dituzte, besteak beste, "Hirugarren graduak etxean betetzea" edo "Harreman guztiak berreskuratzea kristalean zein aurrez aurre".

Izenak jarri ondoren, bi pertsonak ohar bat irakurri dute, batek euskaraz eta besteak gaztelaniaz. "Pertsona presoen osasun eta duintasunerako eskubidea, besteak beste, bermatzeko kartzeletan neurriak hartzea beharrezkoa da", azaldu dute.

"Egun bi senide baino gehiagorekin biltzea ezinezkoa da"

Espetxeetako neurriek ez dute kaleko deseskalatzearekin bat egin; izan ere, "egun bi senide baino gehiagorekin biltzea ezinezkoa da, aurrez aurreko hitzorduak ez dituzte berreskuratu, kartzela-baimenen itzuleran edo kanpora ateratzeko koarentenak derrigorrezkoak dira eta espetxeko jarduera guztiak ez dira berriz martxan jarri".

Egoera honen aurrean, zigorra etxetik hurbil betetzea presoen eskubide bat dela dio Espetxeen Lege Orokorrak, eta Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiari dagokio preso bakoitzak zigorra non bete behar duen zehaztea. Ondorioz, eskubidea gauzatu behar dute, baina "Idazkaritzako datu ofizialek agerian uzten dute pertsona presoen eskubidea sistematikoki urratzen ari direla".

Los manifestantes sostienen carteles en la plaza del Castillo de Pamplona. Foto: EFE

Manifestariak kartelak erakusten, Iruñeko Gazteluko plazan. Argazkia: EFE

Guzti horregatik, alarma egoera bukatuta, Espainiako eta Nafarroako gobernuei, bakoitzak bere esparruan, "lanean hasteko eta neurriak adostu eta martxan jartzeko" eskatu diete. Bereziki, "kartzeletan mantentzen ari diren egoerei epemuga jartzeko" exijitu diete, "eskubideen erabateko urraketa" delako.

200 bat pertsonak hartu dute parte protestan, besteak beste, Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak eta Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Presoak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Espetxeak