Politika -
Carles Puigdemont
Puigdemontek eta JxCaten gertuko kideek alderdi berria sortuko dute uztailaren 25ean
Oraindik ez da argitu alderdiaren izena zein izango den, izan ere, JxCat marka PDeCAT alderdiak du erregistratua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak eta JxCaten gertuko kide batzuek alderdi berri bat sortuko dute uztailaren 25ean. PDeCATek etorkizunean izango duen estatusaren inguruko erabakia ezagutzera itxaron gabe sortuko dute alderdia.
JxCateko zenbait karguk eta Puigdemontek eman dute alderdiaren sorreraren berri sare sozialetan argitaratutako ohar batean. Jordi Turullek, Josep Rullek eta Joaquim Fornek (preso dauden kontseilariak); Jordi Sanchezek (Kataluniako Asanblada Nazionaleko buru ohia eta La Cridako buruak) eta Meritxell Budok zein Damia Calvetek (egungo gobernuko kontseilariak) sinatu dute testua, besteak beste. Bertan, "herrialdearentzako onena nahi dutenak" formazio berrira batzera gonbidatu dituzte.
Izena argitu gabe
Oraindik zalantzak daude Puigdemonten alderdi berriaren izenarekin, izan ere, JxCat Convergenciaren oinordekoak diren PDeCAT alderdiak du erregistratua. Hortaz, presidente ohia beste izen bat erabiltzera behartuta egon daiteke Partit Democratarekin akordiorik egon ezean.
Egoera honen aurrean, Convergencia ondorengo garaian egitura politiko bakarra osatzeko (La Cridarekin batera) JxCat eta PDeCATen arteko desadostasunak agerian geratu dira.
Preso dauden kontseilariek proposatu zuten
Kartzelaratuta dauden presoek JxCatetik eratorritako asanblada baten proposamena egin zuten sigla horien babesean alderdi politiko berri bat sortzeko helburuarekin. Gainera, PDeCATi sei hilabeteko epea ematea proposatzen zuten egitura berri horretara batuko zen edo ez erabakitzeko.
David Bonvehiren alderdiaren ezezkoak Puigdemonten jarraitzaileen eta PDeCATeko ordezkarien arteko eztabaida sortu zuen. PDeCATeko kideek Puigdemonten buruzagitza zalantzan jartzen ez badute ere, ez dute Convergenciaren oinordekoa den alderdia hiltzen utzi nahi.
PDeCATen ez da militantzia bikoitzik
PDeCAT alderdiak gogorarazi du estatutuetan "militantzia bikoitza" ez dagoela onartuta, hortaz, afiliatuek Puigdemonten alderdi berriko kide izan nahi badute, Bonvehiren alderdia utzi beharko dutela esan dute.