Politika -

Katalunia

Kataluniako politikari presoei hirugarren gradua ematea proposatu dute aho batez

Neurri horrekin, soilik lo egitera joan beharko lukete espetxera. Generalitateko Justizia Kontseilaritzak bi hilabeteko epea du espetxeetako tratamendu batzordeen proposamena onartzeko edo ez.

Kataluniako buruzagi independentisten aurkako auzia. Artxiboko argazkia: EFE
Kataluniako buruzagi independentisten aurkako auzia.
Kataluniako buruzagi independentisten aurkako auzia. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako politikari presoei hirugarren gradua ematea proposatu dute aho batez Lledoners (Bartzelona), Puig de les Basses (Girona) eta Wad-Ras (Bartzelona) espetxeetako tratamendu batzordeek. Zehazki, urriaren 1eko erreferenduma bultzatzea leporatuta Auzitegi Gorenak zigortu zituen bederatzi buruzagi independentistei eragiten die neurriak. Sailkapen horrekin, gaur egun preso dauden buruzagi independentistek soilik lo egitera joan beharko lukete espetxera. 

Amand Caldero Generalitateko Justizia Kontseilaritzako Zigor Neurrien, Gizarteratze eta Biktimen Arretarako idazkariak eman du erabaki horren berri, ostegun honetan egindako agerraldian. Testuinguru horretan, Generalitateko Justizia Kontseilaritzak bi hilabeteko epea du orain espetxeetako tratamendu batzordeen proposamena onartzeko edo ez.

Kataluniako espetxeetako tratamendu batzordeek datorren ostegunera arte (uztailak 9) zuten prozesu independentistaren auzian zigortutako buruzagien sailkapena berrikusteko. Izan ere, gaur egun bigarren graduan dauden Oriol Junqueras presidenteorde ohiaren, Jordi Turull, Josep Rull, Quim Forn, Dolors Bassa eta Raul Romeva kontseilari ohien, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiaren, Jordi Sanchez ANCko presidente ohiaren eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen egoera aztertu behar zuten.

Horrela, hiru kartzeletako tratamendu batzordeak 09:00etan bildu dira, aldi berean, Kataluniako politikari preso horien sailkapena aztertzeko. Calderok azaldu duenez, "balizko mehatxu eta hertsapenengatik babesteko eta erabakia gardentasunez eta interferentziarik gabe hartzeko" bildu dira aldi berean. Azkenean, preso dauden bederatzi buruzagiei hirugarren gradua ematea proposatu dute, aho batez.

Lehen sailkapena aztertu zutenean, abenduaren 11n, tratamendu batzordeek gehiengo osoz hartu zuten bigarren gradua emateko proposamena, baina ez aho batez, "eztabaida sakona" egon baitzen, bigarren eta hirugarren graduen arteko oreka estuarekin, Calderok azaldu duenez.

Hala, espetxeetako tratamendu batzordeen proposamena onartzen badute, bederatzi presoek hirugarren graduan beteko dute zigorra. Beraz, aste barruan kartzelan egingo lukete lo, eta asteburuan etxean egoteko aukera izango lukete.

Calderoren hitzetan, sailkapen horren inguruko proposamenarekin, orain bi hilabeteko epea ireki da. Generalitateko Justizia Kontseilaritzak bederatzi proposamenak aztertu eta ebazpen bat eman behar du, proposamena onartuz edo ez: berretsiz gero, presoei berehala ezarriko liekete hirugarren gradua.

Gehienetan (kasuen % 95 inguruan), Justizia Kontseilaritzak ez du inolako trabarik gabe jartzen tratamendu batzordeen proposamenak onartzeko, eta, normalean, ez da erantzuna emateko epea agortzen. Sailkapen Zerbitzuaren ebazpena dagoenean, Fiskaltzak Espetxe Zaintzako Epaitegira jo ahalko du, eta, ondoren, auzitegi epai-emailera (Auzitegi Gorenera).

Presoei Espetxe Araudiaren 86.4 artikulua berehala aplika ote dakiekeen galdetuta (gaua espetxean ez igarotzea ahalbidetzen du), erabakia tratamendu batzordeen esku dagoela erantzun du Calderok, baina zuzenean ezartzea oso zaila dela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Delituak Espainiako Gobernua Espainia Presoak Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak Kataluniako prozesua zuzenean Azken ordukoa Espainia Amnistia