Politika -
Presoak
Parisko Auzitegiak Josu Urrutikoetxea kontrol judizialpean aske uztea erabaki du
Presoak eskumuturreko telematikoa eraman beharko du eta uztailaren 29an beste saio bat egingo dute neurria berresteko. Urrutikoetxeak 69 urte ditu eta gaixotasun larri bat dauka.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Parisko Apelazio Auzitegiak Josu Urrutikoetxea kontrol judizialpean aske uztea erabaki du gaur gauean. Eskumuturreko telematikoa jarriko diote eta mugikortasuna murriztuta izango du.
Alabaina, ez da berehala aterako espetxetik. Epaileek txosten bat eskatu dute neurri hori berme guztiekin gauza daitekeela egiaztatzeko. Horrela, bada, uztailaren 29an beste saio bat egingo dute erabakia dokumentu horren arabera berresteko.
Urrutikoetxeak 69 urte ditu eta gaixotasun larri bat dauka. Haren abokatuek sarritan eskatu dute libre uzteko, osasun-arrazoiak argudiatuta. Gaur arratsaldean egindako saioan, hala egin dute berriro, La Santeko kartzelan koronabirusa zabaldu dela ohartarazita. Oraingoan, Fiskaltzak bat egin du eskariarekin, eta Urrutikoetxea baldintzapean aske uztea babestu du.
Aurrez, gizateriaren aurkako krimenak egotzita Urrutikoetxea Espainiaren esku uzteko eskaria atzera bota du Parisko Apelazio Auzitegiak.
Urrutikoetxea 2019ko maiatzaren 16an atxilotu zuten, 17 urtez ihesean egon ostean, eta La Santeko espetxean dago ordutik.