Politika -
Udal hauteskundeak Frantzian
Ezkerrak Paris mantendu du eta Berdeek Lyon eta Estrasburgo bereganatu dituzte
Gainera, ezkerrak Marseilla berreskuratu du 25 urte geroago. Ekologistak Toursen eta Besanconen ere nagusitu dira. Bestalde, Edouard Philippe lehen ministroak El Havren irabazi du.
Agentzia | Erredakzioa
Frantziako udal hauteskundeen bigarren itzulia egin dute igande honetan. Ezkerrak botereari eutsi dio Parisen, eta Marseilla berreskuratu du 25 urte geroago. Edouard Philippe lehen ministroak Le Havre hirian irabazi du, eta ekologistak Estrasburgo, Tours eta Besançon hirietan nagusitu dira.
Abstentzio handia izan da hauteskundeetako protagonista nagusia; izan ere, iragarpenen arabera, % 60koa izan daiteke. Ia 5.000 udal gobernu erabaki dituzte igande honetan.
Edouard Philippe Errepublika Martxan alderdiko hautagai eta lehen ministroa Le Havre (Sena ibaiaren bokalean dago) hiriko alkatea izango da berriro. Philippek bozen % 59 eskuratu ditu, BFMTV Frantziako telebistak jakitera eman duenez.
Anne Hidalgo Parisko alkate izendatuko dute berriro, ezkerreko alderdi gehienen babesarekin. Botoen ia erdia (% 46,5) eskuratuta, Hidalgoren garaipena garbia izan da. Bere aurkari kontserbadoreak, Rachita Datik, botoen % 31,7 lortu ditu, eta Macronen hautagaiak, Agnes Buzynek, botoen % 14,4.
Marseillan ere, ekologisten, sozialisten, Frantzia Intsumisoaren eta Alderdi Komunistaren babesarekin, ezkerra gailendu da, Michele Rubirolaren hautagaitzarekin. Garaipen horri esker, 25 urteren ondoren, ezkerreko alderdiek boterea berreskuratuko dute Marseillan.
Berdeek, beraien aldetik, Grenoblen zuten boterea berretsi dute. Orain arte gobernatzen zuten hiririk garrantzitsuena zen, eta igande honetako hauteskundeen ondoren Lyon, Estrasburgo, Tours eta Besançon hirietan ere atera dira garaile.
Ultraeskuina garaile Perpinyán
Bestalde, François Bayrou Paue hiriko alkate hautatu dute berriro, eta Perpinyàn Batasun Nazionaleko Louis Aliot ultraeskuindarra Jean-Marc Pujol errepublikanoaren aurretik geratu da.
Hauteskundeen bigarren itzuli hau martxoko 22rako aurreikusita bazegoen ere, koronabirusaren ondorioz ezarritako murrizketen ondorioz, igande honetarako atzeratu dute. Hainbat segurtasun neurri ezarri dituzte, hala nola maskararen derrigorrezko erabilera hautesle zein funtzionarioentzat.
Koronabirusaren krisiak eragindako parte-hartze baxua protagonista izan zen hauteskundeen lehen itzulian, Macronen gobernuko hiru ministrok lortu zuten izendapena.