Politika -
Justizia Auzitegi Nagusia
Biurrunek gaur hartuko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente kargua
Ibarraren ordezkoa izendatu arte, EAEko Auzitegi Nagusian antzinatasun handiena duen Aretoko presidenteak beteko du kargua jardunean.
agentziak | erredakzioa
Garbiñe Biurrunek gaur hartuko du, behin-behinean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente kargua, Juan Luis Ibarra magistratuak ostiralean bere agintaldia amaitu ostean.
Maiatzaren 28an, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren osoko bilkurak EAEko Auzitegi Nagusiko hurrengo presidentea izendatzeko oinarriak onartu zituen.
Juan Luis Ibarra ordezkatuko duen pertsona izendatu arte, Garbiñe Biurrun magistratua izango da, behin-behinean, presidente, bera delako EAEko Auzitegi Nagusian antzinatasun handiena duen Salako presidentea.
Hain zuzen ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren osoko bilkurak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salako presidente izateko izendapena arautuko duten oinarriak ere onartu zituen egun berean, Biurrun jardunean ari baita bertan iazko urte amaieratik.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean epaileak esan duenez, "nirea hautagaitzetako bat izan daiteke, oraindik ez dut erabaki".
GALi buruz galdetuta, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidenteak delituak "preskribatu" egin direla adierazi du, baina honakoa erantsi du: "Izaera politikoa duen ikerketa bat egin behar da. Zalantzarik gabe, erabaki politiko bat egon zen". "Estatuko erakunde guztiek izan beharko lukete interes gorena zer gertatu zen jakiteko", gaineratu du.