Politika -
Gerra zikina
GAL ikertzeko plataforma independente bat bultzatuko du Pili Zabalak
“Beti ezkutatzen saiatu izan direna (pertsona zehatzen loturak asuntoarekin) demostratzeko informazio fidagarria lortu” nahi du Zabalak ekimenarekin.
Agentzia | Erredakzioa
GAL “ikertzen laguntzeko” plataforma independente bat bultzatzeko asmoa iragarri du Pili Zabalak larunbat honetan. GALek Joxi Zabala anaia hil zuen.
“Beti ezkutatzen saiatu izan direna (pertsona zehatzen loturak asuntoarekin) demostratzeko informazio fidagarria lortu” nahi du Zabalak ekimenarekin. Zabala sare sozialetan zabaltzen hasi da ekimena dagoeneko.
“Erantzukizunak garbitzea, alegia”, esan du Pili Zabalak. Jadanik “etxean dokumentazio ugari eta egile askoren liburu mordoa du”, zehaztu duenez.
Plataforma berrian parte hartzeko deia egin dio “modu altruistan eta, noski, inolako ordain ekonomikorik gabe” ikerketa “babestu nahi duen pertsona orori”.
Hala ere, zehaztu duenez, proiektua lehen pausoak ematen ari da, oraindik ez du izenik, nahiz eta ideia buruan ibili “aspaldiko urteetan”.
Bestalde, Unidas Podemosen erabakiagatik zoriondu da Zabala. Legebiltzarkidearen hitzetan, UPk “zentzuz” jokatu du Felipe Gonzalezen eta GALen arteko loturak ikertzeko batzordearen alde bozkatuta, nahiz eta iragan ostegunean Pablo Echenique UPko bozeramailea “harrituta” agertu.
“Zentzuz jokatu du”, azpimarratu du Zabalak. Hala ere, atzo “desengainu handia” hartu zuela onartu du, koalizio morearen hasierako jarrerarekin. Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteordeari deitu zion, koalizioaren jarrera “ulertzen ez” zuela esateko.
Legealdi honen amaieran politika uzteko asmoa azaldu zuen Zabalak 2008ko abuztuan. Hori dela eta Podemosekin zuen lotura desegiten joan da azkenaldian. “Ezinegona” eta “kezka” agertu zion Zabalak Iglesiasi. “Mota horretako” erabakia hartuta proiektutik “aldendu” behar zela ohartarazi zion Igelsiasi.