Politika -
Bilbo
Istiluekin amaitu da Voxek Bilbon egin duen ekitaldi politikoa
Eskuin muturreko alderdiak ekitaldia egin du Bilboko San Frantzisko auzoan. 200 bat lagun bildu dira Voxen aurka deitutako elkarretaratzean eta Ertzaintza manifestarien kontra oldartu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Voxek ekitaldi politikoa egin du arratsalde honetan Bilboko San Frantzisko auzoan eta amaieran liskarrak izan dira mitin horren aurka bildu diren manifestarien eta Ertzaintzaren artean.
Ekitaldian Javier Ortega Smith buruzagi ultraeskuindarrak eta Niko Gutierrez Legebiltzarrerako hauteskundeetan Voxen Bizkaiko zerrendaburuak hartu dute parte. Hogei bat jarraitzaile batu zaizkie San Frantziskoko plazan.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte. Talde antifaxistek bilkura deitu dute eta 200 bat lagun elkartu dira eskuin muturraren aurkako protestan.
Mitina amaitu denean, liskarrak izan dira. Manifestarien harriak, botilak eta inguruan dauden terrazetako aulkiak eta mahaiak jaurti dizkiete agenteei, eta ertzainek haien kontra kargatu dute.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 22 urteko gazte bat atxilotu dute, agenteen aurkako atentatu delitua egotzita. Hainbat ertzainek zauri arinak izan dituztela erantsi dute.
Horrez gain, San Frantziskoko bizilagunek Voxen ekitaldiren aurkako protesta zaratatsua egin dute balkoietatik eta leihoetatik lapikoak jota.