Politika -
Memoria historikoa
Gerran faxismoaren aurka borroka egin zuten pertsonei omenaldia egin diete Bilbon
Azken 14 urteetan lehen aldiz "ekitaldian ez da gudari, miliziano edo borrokalarik izan", antolatzaileek nabarmendu dutenez. "Lege biologiko garbiagatik", deitoratu dute.
Agentzia | Erredakzioa
1936ko gerran faxismoaren aurka borroka egin zuten pertsonei egindako omenaldia hartu du' La Huella-Aterpe 1936' eskulturak, baina azken 14 urteetan aurrenekoz "gudari, miliziano eta borrokalarien presentzia barik", antolatzaileek deitoratu dutenez.
Sabino Arana, Eusko Lurra, Ramon Rubial, Manu Robles-Arangiz Institutua, Investigaciones Marxistas eta Estudios Libertarios Anselmo Lorenzo fundazioek, ELA-STV, UGT eta CNT sindikatuek eta EAJ, PSE-EE, ANV eta PCE-EPK alderdiek omenaldia egin diete “Eusko Jaurlaritzaren agindupean, Gerra Zibilean euskal herritarren askatasunak eta buruzagi legitimoak defendatu zituzten gizon eta emakumeei”.
Azken 14 urteetan lehen aldiz “ekitaldian ez da gudari, miliziano edo borrokalarik izan”, antolatzaileek nabarmendu dutenez. “Lege biologiko garbiagatik”, deitoratu dute; izan ere, azken urtean Jose Moreno (San Andres Gudarostea) eta Jose Maria Pastor Aterpe 1936 elkarteko idazkaria hil dira. Alejandro del Amok (Meabe Gudarostea) ere ezin izan du parte hartu, “oso makal dagoelako”.
“Hala ere, omenaldiko parte-hartzaileek gogora ekarri dituzte, baita faxismoaren aurka, askatasunaren eta demokraziaren defentsan, onenak eman zituzten gudari, miliziano, gizon eta emakume guztiak ere”, azpimarratu dute.
COVID-19ari aurre egiteko neurriek behartuta, gehienez elkarte bakoitzeko bi ordezkarik parte hartu dute lore eskaintzan.
Besteak beste, Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak eta Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak parte hartu dute omenaldian. Era berean, Andoni Ortuzar EAJko presidentea eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia ekitaldian izan dira.
Frankistek Bilbo hartu zutela 83 urte pasa dira dagoeneko, gudariek eta milizianoek kolpistei 1937ko ekainaren 11tik 19ra eutsi ondoren, “azken egunak Artxandako maldetan, lore eskaintza egin den tokian, hain zuzen ere”, gogorarazi dute omenaldiko antolatzaileek.