Politika -
Deseskalatzea
Nafarroa igandean sartuko da 'normaltasun berrian', edukiera eta espazio gehiagorekin
Maria Chivitek esan du aurrerantzean ere ezinbestekoa izango dela segurtasun neurriak eta osasun agintarien gomendioak betetzea, "txertoa izan arte gure bizimodua ez delako lehengora bueltatuko".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroan igande honetan sartuko dira "normaltasun berrian", eta Foru Gobernuak gaur onartu du alarma indargabetzeko eta aro berrirako baldintzak ezartzeko dekretua.
Maria Chivite presidenteak azaldu duenez, edukierak handitzea eta eremu gehiago irekitzea baimenduko dute, baina hainbat murrizketari eutsiko diotela ohartarazi du, "txertoa izan arte gure bizimodua ez delako lehengora bueltatuko".
Halaber, igandetik aurrera Nafarroatik ateratzea posible izango da eta Euskal Herrian barrena mugitu ahalko dira herritarrak.
Besteak beste, igerilekuetan edukiera % 75ekoa izango da; eta tabernetako terrazetan % 100ekoa. Segurtasun neurriak hartuta, umeentzako parkeak irekiko dituzte, baita hiru urtera arteko haurreskolak ere.
Horrez gain, jubilatuen etxeak eta etxabeak irekitzea baimenduta egongo da, hainbat baldintza beteta. Ekintza kulturalak eta kirol jarduerak egitea posible izango da; eremu itxietan gehienezko edukiera 500 pertsonakoa izango da; eta kalean 1.000 lagun bildu ahalko dira gehienez.
Diskoteketan dantzalekua erabiltzea galarazita egongo da. Aitzitik, barruko mahaietan edo terrazan esertzea posible izango da.
"Pandemia honetan bizi izan dugunak eta honek guztiak eragin duen krisia arrazoi nahikoa izan beharko lirateke orain horrela bizi behar dugula ulertzeko eta aurrerago tokatuko zaigula lehengora bueltatzea, ohitura zaharrak prebentzioarekin eta koronabirusari aurre egiteko borrokarekin bateraezinak direlako", adierazi du Chivitek.
Gauzak horrela, herritarrei "arduraz" jokatzeko deia egin die, "birusak hor jarraitzen duelako".
"Beste herrialde batzuetan gertatzen ari dena ikustea nahikoa da, arriskua hor dagoela konturatzeko eta segurtasun-distantzia eta higiene neurriak bete ezean, agerraldi bat edozein unetan egon daitekeela jakiteko", erantsi du.
Ildo horretan, Chivite kezkatuta agertu da osasun egoerak hobera egin duelako Nafarroan, baina horrek gizartea lasaitzea eta dena gaindituta dagoela pentsatzea eragin dezakeelako. "Datuak onak dira, baina orain helburua bilakaera positibo horri eustea izan behar da", esan du.
Bide horretan, gakoak bi direla azpimarratu du: herritarrek prebentzio neurri guztiak zorrotz betetzea eta erakundeek balizko kasu positiboak ahalik eta azkarren detektatzea.
Astebete hildakorik gabe
Bestalde, Santos Indurain Osasun kontseilariak adierazi du "COVID-19arekin bizitzen ikasi" behar dugula, "bizitzeko modua aldatu digulako eta gure artean geratuko delako".
Chiviteren ildoari jarraituz, segurtasun-distantzia errespetatzea, maskarak erabiltzea eta garbiketa bermatzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du. "Hobe da jarduerak kalean egitea, leku itxietan baino; hobe dira denbora tarte laburrak, luzeak baino; eta hobe de eserita egotea, zutik edo mugimenduan baino", gaineratu du.
Epidemiaren egoerari dagokionez, Indurainek nabarmendu du zazpi egunez jarraian ez dela inor hil koronabirusagatik. Azken orduetan zazpi kasu positibo antzeman dituzte PCR testen bidez eta pertsona bat eraman behar izan dute ospitalera.