Politika -

IPAR EUSKAL HERrIA

% 44,96ko parte-hartzea 17:00etan, herri bozen bigarren itzulian

18 herritako udalbaltzak aukeratzen ari dira Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Biarritzen, Maulen eta Baionan daude lehia nagusiak.

Herritarrak botoa ematen, Senperen. Argazkia: Franck Dolosor.
Herritarrak botoa ematen, Senperen. Argazkia: Franck Dolosor.
Herritarrak botoa ematen, Senperen. Argazkia: Franck Dolosor.

Idoia Alberdi Etxaniz | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herriko datuak jakiteke, Pirinio Atlantikoetako departamentuan % 44,96koa izan da parte hartzea 17:00etan (hauteslekuak itxi baino ordubete lehenago); martxoaren 15ean baino zazpi puntu txikiagoa.

Herriko bozen bigarren itzulia egin dute gaur, ekainak 28, Ipar Euskal Herrian. Martxoaren 15ean izan zen lehenengoa, COVID-19aren pandemia zabaltzen hasi eta berehala, eta abstentzioa izan zen garaileetako bat, % 55 ingurukoa izan baitzen. 08:00etan zabaldu dituzte gaur hauteslekuak, koronabirusa dela eta, osasun-neurri bereziak hartuta, eta 18:00ak arte izan dute herritarrek botoa emateko aukera.

Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko 158 udalerrietatik 140tan irabazlea erabakita geratu zen lehen itzulian, eta gainerako 18etako udalbatzak aukeratuko dituzte orain. Baiona, Biarritz, Hendaia, Urruña edota Maule daude tartean, eta horietako batzuetan lehia estua aurreikusten da.

Abertzaleak nagusi Ziburun eta Itsasun

Jada zabaldu dira lehen emaitzak, eta, horien arabera, abertzaleek eskuratu dituzte Ziburuko eta Itsasuko alkatetzak. Eneko Aldana izan da bozkatuena Ziburun, eta Mikel Hiribarren, Itsasun.

Azkainen, berriz, orain arteko auzapezak, Jean Louis Fournierrek, lortu du babes gehien, botoen % 37,15 lorturik. Bigarren postuan, Gorka Taberna zerrenda abertzaleko burua geratu da, % 24,3rekin.

Baiona

Ikusminik handiena, dudarik gabe, Baionan egongo da Jean-René Etchegaray zentro-eskuineko egungo auzapezari elkarrekin egingo baitiote aurre Henri Etcheto sozialistak eta Mathieu Bergé sozialista ohiak.

Jean-claude Iriart buru duen Baiona Berdea & Elkarkidea izeneko zerrenda ekologista eta abertzaleak, berriz, bigarren itzulira ez aurkeztea erabaki du, baina Etchetoren aldeko botoa eskatu du.

Lehendabiziko itzulian, Etchegarayren zerrendak bozen % 40 inguru bereganatu zituen, eta Etchetoren eta Bergeren zerrendak batuz gero, % 40ko langa hori gainditu dute. Ekologistek eta abertzaleek osatutako zerrendak, berriz, botoen % 13 inguru lortu zituen.

Euskal Elkargoaren presidentea ere bada Etchegaray, eta kargu horri eusteko ere erabakigarria izango da hauteskundeetako emaitza.

Biarritz

Lau zerrenda aurkeztu dira bigarren itzulira Biarritzen: hiru eskuinekoak eta bat zentro-ezkerrekoa.

Michel Veunac egungo auzapezak emaitza txarrak lortu zituen lehen itzulian (bosgarren geratu zen, botoen % 12,2 jasota), eta bigarrengora ez aurkeztea erabaki du. Bere zerrendako hainbat hautagai Jean-Benoît Saint-Cricq eskuindarraren hautagaitzara batu dira.

Maider Arosteguy zerrendaburu duen Pour Biarritz, pour vous hautagaitzak lortu zituen emaitzarik onenak lehen itzulian (bozen % 31,5). Oraingoan, Guillaume Barucqen Biarritz Nouvelle Vague (% 16,2) izango du aurrean, Brice Morin buru duen Euskal Herrian Vert & Solidaire (% 12,3) zerrendarekin bat eginda.

Laugarren zerrenda Nathalie Motschen Biarritz en a besoin (% 14,2) da.

Urruña

Lehen itzulian aurkeztutako hiru hautagaitzak lehiatuko dira bigarrenean ere. Philippe Aramendi abertzalearen Elgarrekin Urruña Berpiztu zerrenda gailendu zen aurrenekoan, botoen % 40,8 eskuratuta.

Francis Gavilanen Urruña guzientzat (% 29,8) geratu zen bigarren, eta Sébastien Etchebarneren Urrugne autrement (% 29,4) hirugarren.

Vrignonen arabera, "zer-nolako aliantzak egin diren ikusita, abertzaleek aukera dute Urruñan irabazteko". "Hori politikoki oso esanguratsua litzateke, zeren momentuz Iparralde barnealdean lortu dituzte hainbat alkatetza abertzaleek, eta kostaldean Urruña bezalako herri bat lortzeak sinbolikoki eta politikoki garrantzia luke", adierazi du.

Maule

Zuberoako hiriburuan ere ikusmina dago, Michel Etchebest egungo auzapezak ez baitu ziurtatuta jarraipena.

Louis Labadoten Liste d’Union Citoyenne eskuratu zuen garaipena lehen itzulian, botoen % 37,6rekin, Etchebesten Agir Ensemble pour Mauléon hautagaitza bigarren tokian geratu zen, botoen % 33,5 eskuratuta, eta Beñat Elkegaray abertzalearen Aintzina Maule hirugarren, botoen % 28,9rekin.

Elkegarayk akordioa proposatu zion Labadoti, baina komunistek uko egin diote bigarren itzulian abertzaleekin batera aurkezteari.

Vrignonen irudikoz, Maulen edozer gerta daiteke. Etchebestek errepikatzea zaila duen arren, ezinezkoa ere ez dela esan du, komunistak "mamu bat bezala" ikusten baitituzte askok.

Hendaia

Ezustekorik ez da espero Hendaian, eta Kotte Ecenarro egungo auzapezak karguari eutsiko diola dirudi.

Hendaia Zuekin Ecenarroren hautagaitzak bozen % 41,1 bereganatu zituen martxoaren 15ean, eta negoziatzen aritu ondoren, beste bi zerrendaren babesa eskuratu du: Laetitia Navarronen Hendaia Biltzen eta Laurent Tariolen Hendaye en commun zerrendena. Azken bi horiek % 18,4 eta % 7,8ko babesa lortu zuten, hurrenez hurren.

Uztaritze

Hiru zerrenda aurkeztuko dira Uztaritzen, eta Bruno Carrère egungo auzapezak karguari eusteko aukera handia du. Bere zerrendak, Uztaritze Baik, erraz irabazi zuen lehen itzulia, bozen % 45,2 lortuta.

Jean-Claude Saint-Jean (Ustaritz avec bon sens) eta Bruno Cendrès (Ensemble pour Ustaritz) izango ditu lehiakide.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea berriak Baiona Biarritz argazkiak Maule bideoak Donibane Garazi Hendaia Ipar Euskal Herriko Hauteskundeak gaur Eguneko albisteak Albisteak Iparraldearen Orena Jean-René Etchegaray azken ordukoa Zuberoa Lapurdiko azken ordua Nafarroa Behereko berriak