Politika -
Koronabirusa
Koronabirus agerraldiek galarazi egin dute erkidegoen arteko mugikortasuna
Nafarroak, Kantabriak eta Errioxak dagoeneko iragarri dute baztertu egin dutela momentuz EAErekiko zirkulazio askea.
eitb.eus
Autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna hasieran aurreikusitakoa baino astebete lehenago baimentzeko asmoak ezerezean geratu dira, Basurtuko Ospitalean (Bilbo) eta Txagorritxukoan (Gasteiz) aste honetan atzemandako koronabirus agerraldien ondorioz. Izan ere, ekainaren 15etik aurrera baimendu nahi zuten mugikortasuna, alegia, 3 fasea ofizialki amaitu eta gaur egun indarrean dagoen alarma-egoera bertan behera geratu baino astebete lehenago.
Testuinguru horretan, Nafarroak, Kantabriak eta Errioxak dagoeneko iragarri dute momentuz Euskal Autonomia Erkidegoarekiko (EAE) zirkulazio askea baztertu dutela, osasun publikoko arrazoiak direla eta.
Gainera, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga ez dute datorren asteko igandera arte (ekainak 21) zabalduko. Inguruko herrialdeekin dituen mugak hilaren 15ean irekitzeko asmoa du Frantziak, baina Espainiarekin salbuespena egingo du, biek bat egiteko.
Beraz, autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna astebete aurreratzeko aukera lausotu egin da azken orduetan, EAEko bi ospitaletan bi koronabirus agerraldi atzeman ostean.
Nafarroaren kasuan, Euskadiko eta Nafarroako herritarren arteko mugikortasuna ez da 3 fasea amaitu arte gauzatuko. Ildo horretatik, zirkulazio askea ahalbidetzeko Foru Gobernuak deseskalatze prozesua amaitu eta alarma-egoera bertan behera geratu arte itxarotea nahiago duela adierazi dio Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak Iñigo Urkullu lehendakariari.
"Zuhurtziaren irizpidea" ezarri omen du Nafarroako Gobernuak mugakide dituen erkidegoekiko mugikortasuna oraindik ez baimentzeko, baina "ez besteei begira, baizik eta geure buruari begira", gaineratu du Chivitek.
Bestalde, Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak erabaki bera hartu du, lurralde horretako Osasun Departamentuak egindako gomendioak kontuan hartuta. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Revillak esan du ekainaren 19an "ia ziur" Kantabria eta Euskadi artean ibili ahalko dela, baina astelehenean lehendakariarekin bilera egiteko zain dagoela.
"Asmo hori dugu, ea astelehenean hitz egiten dugun eta printzipioz hilaren 21erako aurreikusita dagoen data asteburura aurreratu dezakegun; izan ere, astelehenetik ostegunera bitartean bi lurraldeen artean ez dago joan-etorri askorik, baina asteburuetan bai", esan du Revillak.
Horren hitzetan, bera eta lehendakaria "epea ez agortzeko eta ostiralera aurreratzeko asmoa" dute. "Aukera hori ia ziurtzat emango nuke, aste honetan zerbait gertatzen ez bada behintzat, koronabirusa oraindik gure artean dagoelako", azaldu du. "Kontu handiz ibili behar dugu, baina aldi berean ekonomia suspertu beharra dugu, ezin baitugu herrialde hau gelditu", esan du Kantabriako presidenteak.