Politika -
Diputatuen Kongresua
Felipe VI.ak aitaren jardueren berri zuen aztertzea eskatu dute EAJk eta EH Bilduk
Bestalde, Unidas Podemos ikerketa batzorde alternatibo baterako proposamena sustatzen ari da, "Kongresuko Mahaian onartua izateko aukera handiagoa izan dezan".
agencias | redacción
EAJk, EH Bilduk, ERCk eta JXCatek, besteak beste, sustatutako Errege Etxearen ustezko legez kanpoko jarduerei buruzko ikerketa batzordeak onuradunen artean Felipe VI.a ote dagoen aztertzea nahi du, eta baita hark aitaren jardueren berri ba ote zuen argitzea ere.
Ikerketa batzordearen eskaera asteartean erregistratu zuten talde horiek, Mas Pais, Compromis, Cup eta BNGrekin batera, "Errege-familiako kideek eta haien konplizeek egindako ustezko irregulartasunek Espainiako Estatuak Saudi Arabiarekin duen politika diplomatiko eta komertzialean izan ditzaketen eraginak aztertzeko".
Hain zuzen ere, merkataritza kontratuak esleitzeko estatuburu ohiaren parte-hartzearekin egitura opakuak ote dauden iker dadila eskatzen dute, Errege-familiako kideek zerga paradisuetan kontu irregularrak ote dituzten eta horiek lortzeko mekanismoen eta funtsen jatorria non dagoen.
Horrez gain, Espainiako Monarkiak Saudi Arabiarekin izan dituen harremanek Estatuak herrialde horrekin izan dituen harreman diplomatiko eta komertzialetan izan ditzaketen eraginak ezagutu nahi dituzte alderdiek.
Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Mekako tren azkarraren eraikuntzan ustez komisioak ordaindu izana ikertuko du, gertakarietan nahasita egon daitekeen pertsonetako bat Juan Carlos Borboikoa errege emeritua delako.
Gainera, Corinna Larsenen adierazpenei erreferentzia egiten diete ikerketa batzordea eratzeko eskaeran: "Estatuko zerbitzu sekretuen eta Errege Etxearen aldetik presio eta mehatxu larriak jaso zituen, ustez errege emerituarentzat dokumentu konprometigarriak konfiskatzeko".
Planteatutako batzordean, talde parlamentario bakoitzeko bi ordezkari egongo dira gehienez, eta sei hilabete emango lituzke lanean.
Orain arte, Kongresuko Mahaiak beti baztertu ditu erregea ikertzeko proposamenak, argudiatuz ezin dela errege emerituaren jardueretan sakondu, haren bortxaezintasuna iraunkorra delako.
Hala ere, 2014ko ekainean erregeak abdikatu zuenetik egindakoak ikertzeko ardura hartu zuen bere gain Auzitegi Goreneko Fiskaltzak.
Horrez gain, Unidas Podemos ikerketa batzorde alternatibo bat egiteko proposamena sustatzen ari da, bestelako diseinu juridiko batekin, "Kongresuko Mahaian onartua izateko aukera handiagoa izan dezan".