Politika -
Koronabirusa
Eusko Jaurlaritzak ez du Kantabriarekiko mugikortasuna atzeratzeko asmorik
Basurtun eta Txagorritxun COVID-19aren agerraldiak detektatu izanak ez du aldatuko ekainaren 15eko data. Nafarroak ez du oraindik argi adierazi EAErekiko komunikazioa berreskuratzeko borondatea.
Agentziak | Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aurreratu duenez, EAEko Gobernuak “zuhurtziaz eta arretaz” jokatuko du, baina, “gaur-gaurkoz”, ez dute Kantabriarekiko mugikortasuna ekainaren 15az haraindi atzeratzeko asmorik Basurtu eta Txagorritxuko ospitaleetan atzemandako COVID-19aren agerraldiak gorabehera.
Gobernu Kontseiluaren ondoren eginiko prentsaurrekoan, Erkorekak adierazi du Jaurlaritzak aztertua zuela deseskalatze-prozesuan berragerraldiak egon zitezkeen arriskua eta, hortaz, Bilbon eta Gasteizen agertu direnen modukoak “aurrez ikusteko modukoak ziren eta aurreikusita zeuden”. Hori dela eta, agerraldiok ez dituzte zertan aldatu Jaurlaritzak 3 faserako zituen planak.
Horren ildotik, kazetariek egindako galderei erantzunez esan duenez, Kantabriarekiko errepide bidezko lotura astelehenean berrezartzeko lanean ari dira bertako gobernuarekin, eta Miguel Angel Revilla presidentea EAErekiko mugikortasuna berreskuratzearen alde agertu da “argi eta garbi”.
Nafarroako eta Errioxako gobernuek ez dute horren jarrera argirik erakutsi, bozeramailearen hitzetan, eta Eusko Jaurlaritzak, nolanahi den, erabakiak “zuhurtzia handiz” eta COVID-19aren bilakaerari begira hartuko dituela esan du.