Politika -
ERABAKITZEKO ESKUBIDEA
COVID-19aren krisiaren aurrean "herri gisa erantzuteko" eskatu du Gure Eskuk
Plataforma kezkatuta agertu da "akordio politiko faltagatik" eta "inflexio puntu hau herri gisa eztabaidatzeko eta behar diren aldaketei bide emateko aprobetxatzeko" galdegin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
COVID-19ak eragindako osasun krisiari zein krisi ekonomiko eta sozialari "herri gisa erantzuteko" eskatu du igande honetan Gure Esku plataformak eta erantzun hori "Euskal Herritik" eta "erabakitzeko eskubidean eta subiranotasunean sakonduz" eman behar dela nabarmendu du.
"Hemen erabaki. Herritarrok erabaki" lelopean, Euskal Herriko 50 herritan mobilizazioak egin dituzte 11:00ak eta 14:00ak bitartean, "Hamaika gara" ekimenari babesa emanez.
Joan de martxoaren 11n jarri zuten abian "Hamaika Gara" ekimena, Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko erreferendumaren aldeko sinadurak biltzeko asmoz, baina dena udazkenera arte atzeratu behar izan zuten koronabirusaren pandemiagatik.
Partehartzaileek errebindikazio ezberdinak zituzten kartoiak utzi dituzte herriko plazetan: "Euskal Errepublika Duina", "Espetxeak hustu. Gure erabakia", "Osasuna ezin da negozio bat izan" edota "Arrazismoak ilegala izan beharko luke" bezalako leloak, besteak beste.
Kartoi erreibindikatiboak Oiartzunen. Argazkia: @txurio
Irati Elizalde Gure Eskuko bozeramaileak komunikabideen aurrean adierazi duenez, ekimen honekin "kalean berreskuratu" nahi izan dituztela eta krisiaren kudeaketan "herritarrak ez direla kontuan hartu" salatu.
"Batetik, onartezina da alarma egoera birzentralizaziorako baliatu izana; eta bestetik, ulertezina da, erakunde publikoek eragileekin lankidetza handiagorik ez sustatu izana" esan du Elizaldek.
Era berean, kezkatuta agertu da egoera larria izan arren, "egon den akordio politiko falta eta herri gisa batuta erantzuteko ezintasuna" ikusita, eta "inflexio puntu hau herri gisa eztabaidatzeko eta behar diren aldaketei bide emateko aprobetxatzeko" eskatu du.
"Gaur ehunka lagunen aldarriek hartu dituzte 50 bat herritako plazak, adierazteko osasun krisiari eta krisi sozial eta ekonomikoari ezin zaiola herritarroi bizkar emanda erantzun; krisiei hemen eta guztion artean erantzun behar diegula, erabakitzeko eskubidean eta burujabetzan sakonduz" amaitu da.