Politika -
Luizia Zaldibarren
Eusko Jaurlaritzak Verter Recyclingi bidaliko dizkio 3,4 milioiko lehen fakturak
Gehienak lerradura egonkortzearekin eta desagertutako bi langileak bilatu ahal izateko ezponda seguruak sortzearekin lotuta daude.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak laster bidaliko dizkio Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren jabe den Verter Recycling 2000 SL enpresari Eusko Jaurlaritza instalazioan egiten ari den lanen lehen fakturak, 3,4 milioi eurokoak.
Otsailaren 6an Alberto Sololuze eta Joaquín Beltran langileak hil eta gero, Eusko Jaurlaritzak presaz eta subsidiarioki hartu zuen bere gain zabortegia egonkortu eta kontrolatzeko lan guztiak zuzendu, kontratatu eta gauzatzeko lana, ingurunearen arriskua gutxitu eta langileak segurtasun osoz bilatu ahal izateko, Ingurumen Sailak ohar batean gogorarazi duenez.
Exekutiboak bere gain hartu zuen lan hori, enpresak aurrera eramateko "gaitasunik ez zuelako", oharrean zehazten denez.
Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak ebazpen bat sinatu du ostiral honetan, eta, bertan, enpresari eskatu dio "sortutako gastuak ordaintzera behartuta dagoen instalazioko operadorea den aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak zuzenean eta orain arte gauzatutako behin-behineko neurriei lotutako kostuak ordain ditzala".
Ekainaren 1ean exekutatu eta ordaindutako neurriei buruzko fakturen lehen blokea da, eta, ebazpenean adierazten denez, 3.420.988,71 eurokoa da (BEZa barne).
Neurri handi batean, zerikusia dute lerradura egonkortzearekin eta ezponda seguruak sortzearekin, desagertutako bi langileak bilatu ahal izateko, premiazko lan-guneetarako sarbideak irekitzeko, ingurumen-inpaktua eta herritarren osasuna kontrolatzeko, sutea kontrolatzeko eta itzaltzeko, hondakinentzako segurtasun-biltegiak egiteko edo lurpeko uren kontrol-sarea diseinatzeko.
Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegian egin beharreko premiazko jarduketa agindu baten bidez erabaki zuen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, otsailaren 13an. Larrialdiko fase horretan, eta orain arte, 9 milioi euro baino gehiagoko lanak egin ditu Ingurumen Sailak zabortegian.
Ebazpena jakinarazi zaie, halaber, euskal administrazioko beste sail batzuei, operadoreak hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren jardueraren ondoriozko kutsaduragatik ingurumen- eta zibil-erantzukizuneko aseguru bat sinatuta duen aseguru-konpainiari, Durangoko Instrukzioko Epaitegiari eta Ministerio Fiskalari.