Politika -
KORONABIRUSA
Nafarroako Gobernuak 3 fasera pasatzea eskatu du, murrizketekin
Foru Erkidegoak lau egun eman ditu astebetean heriotzarik zenbatu gabe eta kutsatze oso mugatuekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernua Espainiako Osasun Ministerioarekin lanean ari da Foru Erkidegoa datorren astelehenean, ekainaren 8an, deseskalatzearen 3 fasera igaro ahal izateko, baina murrizketa eta muga batzuk ezarrita, COVID-19ak gorakadarik izan ez dezan.
Osasun Departamentuak Ministerioari helarazi dio pandemiak azken egunetan izan duen bilakaerari buruzko datu epidemiologikoak biltzen dituen txostena; izan ere, lau egun eman ditu astebetean hildakorik gabe eta kutsatze oso gutxirekin, eta atzo bertan, esaterako, positibo bakarra izan zen PCR bidez.
Foru Gobernuak nabarmendu duenez, PCR proben kopuruak ere gora egiten jarraitzen du, joan den astean 54.778 test egin baitzituzten; hortaz, mila biztanleko proba gehien egiten dituzten erkidegoen zerrendan laugarren dago Nafarroa (83,9).
Hala ere, egoerak hobera egin duen arren, Nafarroako Gobernuak nabarmendu du osasun-sistemaren detekzio- eta erreakzio-sistemak indartu behar direla, eta garrantzitsua dela herritarrek jokabide arduratsua izatea, gorakadak baztertzeko.
Horregatik, 3 fasean muga jakin batzuk sartzeko aukera planteatuko dio Ministerioari, irizpide orokorrak foru-lurraldearen berezitasunetara egokitzeko.