Politika -
PINTAKETAK
Pintaketak egin dituzte Bizkaiko bi batzokitan eta PSE-EEren Altzako egoitzan
Bizkaiko EAJren Exekutiboak erasoak "berehala" gelditzeko eskatu die eraso horien egileei, eta alderdi guztiei "gaitzespenarekin bat egiteko" eskatu die.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ezezagunek Arrigorriagako (Bizkaia) batzokiari eraso diote astearte goizaldean, eta dagoeneko 28 dira azken asteetan Bizkaian pinturarekin margotu dituzten jeltzaleen egoitzak.
"SOS Patxi" jarri dute batzokiko pintaketetan, maiatzaren 11tik Murtzia II espetxean gose greban dagoen Patxi Ruiz ETAko presoari erreferentzia eginez.
Halaber, Lemoiz (Bizkaia) udalerriko Armintza auzoko batzokiari ere eraso diote goizaldean. "Amnistia osoa" idatzi dute fatxadaren aurrealdean, eta Ruizen gose greba ere aipatu dute.
Bizkaiko EAJren Exekutiboak ekintzak "berehala" bertan behera uzteko eskatu die eraso horien egileei, eta "gaitzespenarekin bat egiteko" eskatu die alderdi guztiei, EH Bilduri barne.
Bestalde, Donostiako Altza auzoko PSE-EEren egoitzari ere eraso diote, berriro, maiatzaren 23an ere egin baitzituzten pintadak bertan.
'Patxi gudari", "Amnistia" eta "Hiltzaileak" idatzi dute pintura gorriarekin, eta "PSOE" siglak margotu dituzte diana baten barruan.
Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzetan, "onartezina" da "jazarpen eta hertsapen" kanpaina hau, eta "berehala" gelditzeko eskatu du. Altzako kideei elkartasuna agertu ostean, eraso horiek "garaiz eta lekuz kanpo" daudela azpimarratu, eta "ez dute inolako zentzurik", gaineratu du.