Politika -

Deseskalatzean

3 fasearen kudeaketa erkidegoetako gobernuen esku utziko duela iragarri du Sanchezek

Halaber, Espainiako presidenteak alarma egoeraren seigarren "eta azken" luzapena eskatuko duela konfirmatu du.

Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea
Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarritakoaren arabera, 3 fasetik aurrera erkidegoetako gobernuek kudeatuko dute deseskalatze prozesua. Espainiako Gobernuaren esku mugikortasunarekin lotutako murrizketak bakarrik geratuko dira.

Gainera, Sanchezek konfirmatu egin du Kongresuari alarma egoeraren “azken luzapena” eskatuko diola. 15 eguneko iraupena izango du eta ezaugarri “oso diferenteak”, “askoz arinagoak”. Azken luzapena hori “beharrezkoa” dela azpimarratu du Sanchezek, koronabirusaren deseskalatze prozesua bukatu ahal izateko.

Erkidegoetako presidenteekin alarma egoera hasi zenetik egindako 12. bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, Sanchezek azaldu du, kongresuak alarma luzapena onartuz gero, 3 fasean sartzen diren lehen erkidegoek ekainaren 8tik aurrera hartuko dutela deseskalatzearen agintea.

Besteak beste, erkidegoek desekalatzearen erritmoa kontrolatu ahal izango dute eta Espainiako Gobernuari alarma egoera ekainaren 21a baino lehen altxatzea eskatu.

Espainiako presidenteak ohartarazi du “zuhurtziaz” jokatzen jarraitu behar dela, osasun neurriak errespetatuz, “birusak berriro gora egitea saihesteko”, horretarako “benetako arriskua” dagoelako, Espainian eta mundu osoan.

Hildakoen benetako kopurua

Bestalde, eta hildakoen kopuruarekin azken egunetan izandako polemikaren inguruan, Sanchezek Espainiako Gobernuak epidemiaren ondorioz hildako pertsonen zenbatekoaren berri emateko orduan izandako “erabateko gardentasuna” defendatu du. Azken egunetan izan diren aldaketak “irizpide teknikoekin” erlazionatuta daudela esan du, baina benetako koupurua zein den epidemia gainditu arte jakingo ez dela azaldu du.

Espainiako presidenteak azaldu duenez, Gobernua “COVID-19ak hildakoen benetako kopurua zenbatzen ari da”.

Epidemiologoen arabera, hilabete batzuk igaro eta pandemia gainditu arte “ezin izango dugu ikuspegi errealago bat izan egoeraren azterketa egiteko”. Ondorioz, ordura arte, ezinezkoa izango da COVID-19ak hil dituenen kopuru zehatza jakitea.

Krisi ekonomikoa

Pandemiaren ondorioz sortutako krisi ekonomikoari dagokionez, Pedro Sanchezek iragarri du errekuperazioa urteko azken hiruhilekoan hastea espero dutela eta “bi urteko iraupena” izango duela.

“Egungo legealdia amaitzean, egoera hobea izango da”, adierazi du Espainiako presidenteak.

Sanchezek Bruselari helaraziko aurreikuspena berretsi du; Espainiako ekonomiak “% 9ko erorketa” izango duela 2020an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza EAE Espainiako Gobernua albisteak Espainia albisteak Pedro Sánchez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa Konfinamenduaren deseskalatzea