Politika -
Koronabirusa
"Arreta osoa osasun fisikoan izan dugu, eta osasun ekonomikoa ahaztu dugu"
Arantxa Tapia sailburuak ohartarazi du atzera egiteko eta 0 fasera itzultzeko arriskua dagoela, birusak berriro gora eginez gero.
Agentziak | Erredakzioa
"Osasun fisikoari hainbeste arreta jarri diogu, osasun ekonomikoa ahaztu dugula. Osasuna gauza orokorra da. Pandemiak kalte handia egin digu, baina osasun fisikoak eta ekonomikoak eskutik joan behar dute eta orain ikusi dugu ekonomiak sufritu egingo duela eta krisiak gogor kolpatuko gaituela", esan du Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak eta deseskalatzearen koordinatzaileak Radio Euskadin egindako elkarrizketan.
Krisitik nola aterako garen galdetuta, Tapiak esan du Asiako bilakaerari begiratu behar zaiola: “Ez dira ‘V’ itxurarekin ateratzen ari, baina bai azkar”. “Eskaera bultzatzea eta internazionalizazioaren aurka ez egitea garrantzitsua izango da. Mundu globala izaten jarraituko dugu eta hor ere gure lekua izan behar dugu”, azaldu du Jaurlaritzako sailburuak.
Horren haritik, Tapia kezkatuta agertu da etorkizuna epe ertainera aurreikusten ari ez garelako, eta “gure lehiakideek” bai.
Deseskalatze prozesuari dagokionez, 0 fasera itzultzeko aukera dagoela ohartarazi du sailburuak, itzulera hori epidemiak gora egiten duen lekuetan bakarrik emango litzatekeen arren.
“Arriskuak eta birusak hor jarraitzen dute, eta, beharrezkoa izanez gero, faseetan atzera egin daiteke”, esan du aurreko egunetan euskal hondartzetan izandako jende-pilaketen inguruan galdetu diotenean.
Tapiak “banakakoen eta taldeen kasuan erantzukizunez jokatzeko” deia egin du eta hondartzetan pasean egitera eta bainatzera bakarrik joan gaitezkeela azpimarratu du, eta garraio publikoan maskara derrigorrean jarri behar dela; bestela, arduradunek metrotik edo autobusetik ateratzeko agindua eman ahal dutelako.
Ondoren, Arantxa Tapiak esan du Jaurlaritza Euskadi ekainaren 8an 3 fasean sartzeko lanean ari dela, eta horrek hiru lurraldeen arteko mugikortasuna ekarriko lukeela.
Txertoa, Euskadin
Halaber, Jaurlaritza COVID-19aren aurkako txertoa ikertzeko eta ekoizteko nazioarteko proiektuan elkarlanean ari dela azpimarratu du, Harvard Unibertsitatearekin eta Viralgen Vector Core enpresarekin batera.
Jaurlaritza proiektuan “hasieratik” ari dela adierazi ostean, txertoa maila industrialean ekoizteko aukera izango dela esan du. “Txertoa arrakastatsua izatea espero dugu eta hura ekoizteko lekua Euskadin egotearekin oso pozik egin behar dugu”, gaineratu du.
Horrekin lotuta, nazioarteko hornitzaileekin % 100eko mendekotasuna ez izatearen alde egin du, eta horretarako “ekoizpenaren zati bat Euskadin izan behar dugu”.
Krisia, automozioan
Garapen Ekonomikoko sailburuak ibilgailuen industriaren krisiaz ere hitz egin du eta pandemiaren ondorioz eskaerek izan duten jaitsieraz. Tapiaren ustez, “Estatu mailan egindako planifikazioa” behar da, eta “teknologia jakin batzuek kontra ez egitea”. “Neutraltasun teknologikoa” deitu dio horri.
“Etorkizuna duen sektorea da, baina dibertsifikatu beharra dauka teknologiak guztiak landu ahal izateko: gasoila, gasolina, hidrogenoa, baita bioerregaiak ere, eta beti CO2aren emisioak murrizteko helburuarekin, ihes-hodian eta fabrikazio prozesuan”, azaldu du Tapiak.
Eskaera bultzatzeko estrategia ere izan behar dela adierazi du, eta Jaurlaritzak abian jarritako Renove Plana aipatu du. Plan horren helburua merkatua “dinamizatzea” eta 10 urte baino gehiago dituzten ibilgailuak erretiratzea da.