Politika -
EUSKO JAURLARITZA
Arriola salatu dute, babes ofizialeko 500 etxe inbertsio funts bati saltzeagatik
Etxebizitza sozialak funts pribatu bati salduta, Iñaki Arriola sailburuak prebarikazio eta iruzur delituak egin dituela esan du salaketa jarri duen elkartea.
Agentziak | Erredakzioa
Bazterketa Soziala eta Etxebizitza- eskubidearen aldeko Ekimenak Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren aurkako salaketa bat jarri du Gasteizko Guardiako Epaitegian Vitalquilerko babes ofizialeko 500 etxebizitza Suediako inbertsio funts bati saltzea leporatuta.
Ekimeneko kideek eman dute salaketaren berri, Jaurlaritzak Gasteizen duen Etxebizitza ordezkaritzaren egoitzaren aurrean egindako prentsaurrekoan. Bertan azaldu dutenez, Jaurlaritzak egindakoa “prebarikazio eta iruzur” delitua izan daiteke.
Plataformako ordezkariek kritikatu dute ustez Jaurlaritzak eta gobernuko bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, izandako “jarrera erabakigarria” Salburua eta Zabalgana auzoetako babes ofizialeko 500 etxebizitzen “iruzurrezko salmentan”. Salaketaren arabera, etxebizitzak Catella inbertsio funts suediarrari saldu zizkioten laguntza publikoekin eraiki ostean eta “babestutako alokairurako erabiltzeko konpromisoarekin”.
Salatzaileek jakitera eman dutenez, salmenta baimentzeaz gain, Jaurlaritzak Etxebizitzaren euskal Legeak 65. Artikuluan jasotzen duen “tanteo-eskubidea erabiltzeari uko egin dio”, etxebizitza publikoaren jabegoa handitzeko “aukera handia galduz”.
Halaber, Jaurlaritzari “herritarren interesen aurka doan etxebizitza-politika egitea” leporatu diote, “negozio pribatua etxebizitza-eskubidearen gainetik jarriz” eta populazioaren parte bat “babesik gabe” uzteagatik etekin ekonomikoa, eta ez pertsonen ongizatea, helburu duten funtsen aurrean.
Salatzaileen iritziz, etxebizitza publikoak sektore pribatuen eskuetan uztearekin “herritarren oinarrizko beharrak” zalantzan jartzen dituzte, etxe horietan bizi diren pertsona asko alokairu sozialak dituztelako eta “talde zaurgarrietakoak” direlako.
Jaurlaritzak dena ukatu du
Bestalde, Etxebizitza Sailetik esan dute Iñaki Arriolaren kontrako salaketak "ibilbide juridikorik ez" duela eta honen guztiaren atzean "interes politikoak" daudela.
Horrez gain, ziurtatu dute etxebizitza horiek babes ofizialekoak izango direla "beti", sailkapen hori "behin betikoa delako". 75 urte igarotzen direnean eraikin horiek Jaurlaritzaren eskura itzuliko direla erantsi dute.
Halaber, etxebizitzak erosi dituen funtsak hamar urtetan alokairuaren baldintzak ez aldatzeko konpromisoa hartu duela azaldu dute.
Hori dela eta, Jaurlaritzak uste du "ezinezkoa" dela etxebizitza horiekin espekulatzea.