Politika -
Akordioa Madrilekin
Nafarroak aldi baterako kudeatuko du Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera
Espainiako Gobernuaren enkarguz egingo du. Erabakiak “autogobernua sakontzen eta gure erkidegoaren eskumenak handitzen ditu”, Nafarroako alderdi sozialistaren iritziz.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroak urriaren 31 baino lehen hartuko du Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera kudeatzeko ardura, eta, ordura arte, eskumena bere gain hartuko du Espainiako Gobernuaren enkarguaren bidez, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Nafarroako Parlamentuan azaldutakoaren arabera.
Horrela, Espainiako Ogasunak Nafarroakoari ofizialki egingo dio eskumenaren kudeaketaz arduratzeko enkargua.
Kontseilariak adierazi duenez, Bitzitzeko Gutxieneko Diru-sarrera “oso garrantzitsua dela” “Espainian dagoen errenta banaketa eskasa zuzentzen duen errenta estruktural iraunkorra delako”. PSOEren gobernua, esan du Saizek, “ezberdintasunak murriztea erronka nagusi duen lehen gobernua da Espainiako historia demokratikoan”.
Eskumenaren kudeaketa “Gobernuen arteko negoziazioaren ondorioa” dela azaldu du Saizek, PSNren galdera bati erantzuteko Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. Akordioa “ez da berria, eta ez du Nafarroako Gobernua harritzen” azken hilabeteetan Gobernu Zentralarekin izandako kontaktuen ostean, nabarmendu du kontseilari nafarrak.
Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak esan duenez, ziurrenik bihar, ostirala, onartuko den Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera “arrisku egoeran dauden bi milioi pertsonari” lagunduko diela, “horietariko asko adingabeak”.
"Autogobernua sakondu"
Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerak, Alzorrizen ustez, “autogobernua sakontzen du eta gure erkidegoaren eskumenak handitzen ditu”, baina “eskuineko alderdiek albiste ona gatazka politiko bihurtu nahi dute”.
Alzorrizen iritziz, Navarra Sumak “matxinada eta iraina bakarrik erabiltzen du” eta alderdi horri Kongresurako botoa ematea “ez duela ezertarako balio” azpimarratu du: “Ez dute ezer adosten, ez dute ezer negoziatzen, eta Voxi eta PPri jokoa jarraitzen diete”.