Politika -
Arnaldo Otegi
"Zekena da jendeari pintaketen atzean EH Bildu dagoela sinestarazten saiatzea"
"COVID-19aren edo Zaldibarko zabortegian gertatutakoaren kudeaketak argi utzi du EAJk 'jauntxoaren estiloa' erabiltzen duela", gaineratu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
eitb.eus
“Ez gaude protagonismoa lortzeko lasterketa batean”, azpimarratu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Radio Euskadiko “Boulevard Informativo” saioan, bere koalizioak eta EAJk azken asteetan Madrilen egindako akordio ezberdinen harian.
Otegiren esanetan, EH Bilduk PSOErekin eta Unidas Podemosekin lan-erreformaren inguruan egindako akordioa “bikaina izan da” eta sinatutakoa bete egin behar dela adierazi du. "Pacta sunt servanda, Pablo Iglesiasek esan zuen bezala", berretsi du Otegik, EH Bildu ituna betetzeko lanean ari dela azpimarratuta.
EH Bilduk Madrilen lortutako akordioaren helburua ez dela EAJri protagonismoa kentzea argi utzi izan nahi du Otegik, jeltzaleek Bizitzeko Gutxieneko diru-sarrera kudeatzeko lortutako akordioa “positiboa baina mugatua” dela adieraziz. Horren harian, ezker abertzaleko alderdiak ez duela “kongresuan 100 urtez egon nahi” esan du Otegik, “gure herrian parlamentu nazionala izatea baizik”. Horrela, Otegik itunen aldeko jarrera berretsi du, “kongresuan gauden bitartean, herritarren aldeko lana egin nahi dugulako”.
Otegiren ustez, “alderdi eskuindarrek Venezuelako estrategia jarraitzen ari dira gobernua kendu eta erregimen atzerakoia ezartzeko”. Kontrol saioan izandako eztabaidaren ostean, “ETA eta pintaketen inguruan ari dira, osasun eta ekonomia krisi egoera gaudela alde batera uzteko”. Horrekin batera, gogora ekarri du Barne Ministroari ez diola inolako begikotasunik: “Marlaskak hiru aldiz sartu nau kartzelan”.
Euskal Herrian egin daitezkeen itun politikoei dagokienez,Otegik esan du EAJrekin ez dutela inolako komunikaziorik: “PSErekin sarri hitz egiten dut, baina ez EAJrekin, eta horrela saila da ezer adostea. Pandemiaren eta Zaldibarko zabortegiaren kudeaketek argi utzi dute jeltzaleen estiloa ‘jauntxoarena’ dela, harroputza eta larderiatzailea”.
Hala ere, ez du PSE-Podemos-EH Bildu hiruko gobernu bat adosteko aukerarik ikusten eta Idoia Mendia lehendakari egiteko aukera guztiz baztertu du. “Danimarka bagina, ezkerreko alderdien hiruko ituna legoke. Baina daukagun historia daukagu, eta dauzkagun aitzakiak dauzkagu. Ez gaituztela engainatu: boto nahikoa lortuz gero, EAJ-PSE gobernua izango dugu”.
Uztailaren 12ko hauteskundeen harian, EH Bilduko ordezkariak esan du “jokoan dagoena ez da legebiltzarrean egotea, krisi honetatik nola aterako garen eta zein norabide hartuko dugun baizik”. Berarentzat lehentasuna da hezkuntza, osasungintza eta etxebizitza alorretan “segurtasuna” lortzea. “Partida jokatzeke dago oraindik”, azpimarratu du modu metaforikoan.
Patxi Ruiz gose eta egarri greban dagoen ETAko presoaren aldeko kanpainari buruz, aldiz, “EH Bilduren eta Sorturen egoitzetan ere pintaketak egin dituztela" azpimarratu du. “Ekintza horien aurka gaude. Pintaketa horien atzean EH Bildu dagoela sinestarazten saiatzea, EAJko Bizkai Buru Batzarrak egin duen moduan, zekena da. Cayetana Alvarez de Toledorena egitea da. Mundu guztiak daki zeintzuk dauden horren atzean: Patxi Ruiz euskal preso politikoa babesten ari direnak eta EH Bildu ahuldu nahi dutenak”. Egoera Ruizen aldeko manifestazioetan entzuntzako leloa gogora ekarriz irudikatu du: “PSOE hiltzaile, EH Bildu laguntzaile”.