Politika -
Udal-hauteskundeak
Ipar Euskal Herriko udal-hauteskundeen bigarren itzulia ekainaren 28an izango da
Hala ere, Frantziako Gobernuak esan du aldaketak egon litezkeela, koronabirusaren epidemiaren egoeraren arabera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ipar Euskal Herriko udal-hauteskundeen bigarren itzulia ekainaren 28an egingo dute. Lehendabizikoa martxoaren 15ean gauzatu zen, koronabirusa hedatuta zegoenean, eta horrek polemika handia piztu zuen. Abstentzioak marka guztiak hautsi zituen.
Edouard Philippe lehen ministroak adierazi du du bi asteren buruan berriro bilduko direla osasun egoeraren bilakaera zein den ikusteko eta horren arabera data alda dezaketela zehaztu du.
Ekainean antolatzea ezinezkoa izango balitz, hauteskundean urtarrilera arte atzeratzeko aukera aztertuko luketela esan du. Horretarako datorren astean Frantziako Gobernuak lege-proiektu bat aurkeztuko du.
Lehen ministroak adierazi du badela unea "bizitza demokratikoari berriro heltzeko", baina, aldi berean, onartu du aurrerantzean gauzak ez direla berdin egingo.
Segurtasun neurriak
Christophe Castaner Barne ministroak azaldu duenez, hainbat prebentzio neurri hartuko dituzte eta datozen egunetan alderdiekin eta alkateekin bilerak egingo dituzte hauteskundeetarako segurtasun plana prestatzeko.
Hasteko, kanpaina "digitala" izatea bultzatuko dute eta ohi baino iraupen luzeagoa izango du.
Botoa delegatzeko aukera erraztuko dute eta horretarako prozedurak arinduko dituzte. Halaber, herritarrak maskara jantzita eta norbere boligrafoarekin –botoa kutxan sartu ostean sinatzeko- joan beharko dira bozkatzera.
Hauteskunde-mahaiko kideek maskara kirurgikoak erabili beharko dituzte eta pertsonen arteko segurtasun-tartea mantentzeko markak egongo dira zoruan.
Frantziako Gobernuak konfinamendua ezarri aurreko egunean burutu zen udal-hauteskundeen lehendabiziko itzulia. Polemika handia piztu zen koronabirusa hedatuta egon arren deialdia eustea erabaki zutelako agintariek. Abstentzioa % 50etik gorakoa izan zen.