Politika -

Kongresua

PSOEk zehaztu du ez duela segituan lan-erreforma osorik bertan behera utziko

Bestalde, CEOE eta CEPYME patronalek "erabateko irmotasunez" deitoratu dute akordioa, gizarte eragileekin elkarrizketa "zapuzten duen arduragabekeria larria" dela iritzita.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua. Artxiboko argazkia: EFE
Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua.
Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk EH Bildurekin zuen akordioa zuzendu du, eta PPren lan-erreforma ez du segituan osorik bertan behera utziko koronabirusagatik ezarritako ezohiko neurriak amaitu aurretik. Akordio horren trukean, EH Bildu abstenitu egin da alarma-egoera luzatzeko bozketan.  

Asteazken honetako azken orduan "ohar argigarria" zabaldu du PSOEk, EH Bildurekin duen akordioaren lehen puntua baliogabetu duela jakinarazteko; bertan ezarrita zegoenaren arabera, 2012ko lan-erreforma "osorik" utziko zuen bertan behera, eta hori Espainiako Gobernuak COVID-19agatik hartutako ezohiko neurriak amaitu aurretik gauzatu beharko litzateke.

Oharrean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea buru duen alderdiak argitu du ondorengo hiru arloak soilik geratuko direla bertan behera: gaixotasun-bajek eragindako absentismoagatik kaleratzeko aukera, hitzarmen kolektiboaren denbora-arlorako mugak, bertan dauden aurreikuspenez haratago iritsita, iraunaldia amaituta eta beste bat negoziatu arte, eta enpresa-hitzarmenek lehentasuna izatea sektore-hitzarmenen gainean.

Asteazken arratsaldean, baina, EH Bilduk iragarri du akordioa lortu duela PSOE eta Unidas Podemosekin, lan-erreforma osoa indargabetzeko, eta, itun horren ondorioz, koalizio subiranista abstenitu egin da alarma-egoera bosgarren aldiz luzatzeko arratsalde honetan Kongresuan egin den bozketan. EH Bilduk ohar baten bidez azaldu duenez, koronabirusaren pandemiagatik ezarritako salbuespen-neurriak kendu aurretik zen gauzatzekoa lan-erreformaren indargabetzea.

Itun horren bidez, toki-, foru- eta autonomia-erakundeek "gastu-gaitasun handiagoa izango dute, krisiaren gizarte-ondorioei aurre egiteko politika publikoetan", esan du EH Bilduk.

Koalizio abertzalearen esanetan, PSOEk eta Unidas Podemosek konpromisoa hartu dute, toki-erakundeetako gizarte-politiketarako gastuak "gastu-erregelaren zenbaketatik salbuetsiak izateko"; halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako zorpetze-ahalmena "soilik euren egoera finantzarioaren arabera ezarriko da".

Lau konpromiso horien trukean, EH Bilduk Kongresuan dituen bost diputatuak abstenitu egin dira, alarma-egoeraren bosgarren luzapena ez oztopatzeko.

Patronalak akordioaren aurka agertu dira

Bestalde, CEOE eta CEPYME patronalek "erabateko irmotasunez" deitoratu dute lan-erreformaren inguruko akordioa, gizarte eragileekin elkarrizketa "zapuzten duen arduragabekeria larria" dela iritzita.

Ohar batean, patronalek gaineratu dute "neurtu ezin daitezkeen ondorio negatiboak" izango dituela hitzarmen horrek Espainiako ekonomian eta enpresen konfiantzan, eta, ondorioz, enpleguan "oso eragin negatiboa" izango duela.

Gaineratu dutenez, "gizarte eragileekin elkarrizketa zapuzten duen mespretxu larria da; Konstituzioak berak gizarte-eragileei eta, zentzu horretan, Estatuko erakundeei ematen dien eginkizuna gutxiesten duena, Espainiako ekonomiaren unerik zailenean eta, beraz, elkarrizketa hori inoiz baino beharrezkoagoa egiten denean".

Testuinguru horretan, lan-erreformaren inguruko erabakia, Espainiako Gobernuak patronalarekin eta sindikatuekin lan-arloko malgutasun-neurriak jorratzen dituen une honetan hartu duela deitoratu dute. Izan ere, COVID-19ak eragin gehien izan duen sektoreetan "milaka enpresaren eta milioika enpleguren jarraipena bermatzeko asmoz neurriak" adosten ari dira gaur egun.

Ildo horretatik, aldi baterako lan-erregulazioko espedienteen bidez plantillak mantentzeko eta milioika lanpostu babesteko egindako ahalegin guztiak zapuztuko dituztela salatu dute CEOE eta CEPYME patronalek.

Halaber, Europar Batzordeak emandako gomendioei jaramonik ez egitea deitoratu dute; izan ere, gomendio horien arabera, beharrezkoa da enplegua epe ertainera berreskuratzeko neurriak gizarte-eragileekin adostea, hala nola, lan-baldintzak malgutzea.

,, .

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan Erreformaren Legea Politika PSOE Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Espainiako Gobernua Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak CEOEri buruzko albisteak