Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Pilar Garridok baieztatu egin du Podemos Euskadiren idazkarigai nagusi izango dela
Unidas Podemosen diputatuak kritikatu egin du Urkullu uztailaren 12ko hauteskundeekin "tematu" izana. "Ez dira oso demokratikoak izango", zeren "ez dago eztabaidarako tarterik".
eitb.eus
Pilar Garridok baieztatu egin du Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan Podemos Euskadiren buruzagitza lortzen saiatuko dela, hau da, idazkari nagusi izateko hautagai izango dela. "Lanean ari gara alderdiaren zuzendaritza indartsua edukitzeko hautagaitza osatu eta aste amaieran aurkezteko. Egoera horretan egongo naiz, azkenean, eztabaida asko eta buelta gehiegi eman ostean, kolektiboa izango den proiektu baten buru izango naiz agian".
Unidas Podemosen diputatu gipuzkoarrak alarma egoeraren erabilgarritasuna goraipatu du, "osasun publikoa eta pandemiaren aurkako neurriak bermatu" dituelako. Azken luzapenean Ciudadanosek izan duen protagonismoa zalantzan jarri gabe, ukatu egin du norabide aldaketa bat egon denik: "Ciudadanosen botoak beharrezkoagoak dira orain, baina gobernukideak direnak dira". Diputatuarentzat oraindik badago "Gobernuari babesa eman zion gehiengoa" aurrekontuak eta legegintzaldia aurrera eramateko, eta krisitik irteteko, baina "2008koan ez bezala". Koalizio gobernuak gehiengo hori "zaintzea" espero du Garridok, eskuindarrek "berean itxita" jarraitzen dutela iritzita.
"Alarma egoerak ez dizkio eskumenak kendu erkidego bati ere", Garridoren esanetan: "Ezin da berzentralizazioaz hitz egin, EAJ jorretan tematu den arren". Hori horrela, "aginte bakarra" aukera "zentzudunena" izan dela defendatu du.
Bestalde, kritikatu egin du Urkulluren jomugan hauteskundeak egotea euskal gizarteak "biziraun" nahi duen bitartean. "Ez ginen hauteskundeen aldekoak. Lehendakaria tematu egin da eta bigarren eta hirugarren alderdien iritzien aurka egin du". Garridok uste du kanpainak 15 egunekoa behar duela izan, hauteskunde araudian agertzen den moduan. "Uztailaren 12ko hauteskundeak ez dira oso demokratikoak izango", zeren "ez dago eztabaidatzeko tarterik", azpimarratu du. Gainera, uste du ez dagoela horretrako beharrik, eta egin beharrekoa "neurri onenak onartzeko adostasunak" bilatzea dela.
(Radio Euskadin egindako albistea, eitb.eus-en erredakzioan itzulia)