Politika -

Murtziatik

Delclauxen eta Aldayaren bahiketengatik zigortutako preso bat Iruñera eramango dute

ETAko beste bi preso Valentziatik Madrilera eramango dituzte. Hirurek bete dute espetxe-legaltasuna, Espainiako Gobernuaren esanetan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak Francisco Jose Ramada Estevez ETAko presoa Murtziatik Iruñera eramatea baimendu du astelehen honetan, koronabirusagatik ezarritako osasun-baldintzek ahalbidetuta. Ramada Estevezek Cosme Delclaux abokatuaren eta Jose Maria Aldaya enpresariaren bahiketengatik zigortu zuten, eta "Langraiz bidea"ri heldu zion. Halaber, Iñigo Gutierrez Carrillo eta Maria Lizarraga Merino presoak Valentziatik Madrilera eramatea onartu du. Barne Ministerioaren mendekoa den erakundeak ziurtatu du espetxe-legaltasuna bete dutela hiru preso horiekin.

Francisco Jose Ramada Estevezek 2010ean utzi zuen ETAko presoen gizataldea, "Langraiz bidea"ri helduta. Murtzia I. Espetxe Zentrotik Iruñeko kartzelara eramango dute. 2001eko urtarrilaren 13an sartu zuten kartzelan, eta 26 urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zioten, atentatuak, bahiketak eta banda armatuarekin kolaboratzea egotzita.

2020ko irailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Murtzia I. espetxeko Tratamendu Batzordeak bigarren gradura pasatzea proposatu du, bai eta haren familia-loturatik gertuko zentro batera eramatea.

Iñigo Gutierrez Carrillo Madril VI. Espetxe Zentrora eramango dute, Aranjuezera, Valentziako kartzelatik. ETAko preso hau 2008ko uztailaren 27an espetxeratu zuten, eta 14 urteko zigorra ari da betetzen, banda armatuarekin kolaboratzeagatik eta armak eta munizioa gordetzeagatik. 2019ko urtarrilean bete zituen zigorraren hiru laurdenak, eta, Espainiako Barne Ministerioaren hitzetan, "espetxe-legaltasuna onartu du".

Valentziako Espetxe Zentroko Tratamendu Batzordeak Espetxe Araudiko 100.2 artikuluko lehen gradua ezartzea proposatu du, bai eta Madril VI. kartzelako familien modulura eramatea ere.

Maria Lizarraga Merino ere eramango dute Aranjuezera, Madril VI. espetxera, Valentziatik. 2008ko abenduaren 18an espetxeratu zuten, eta 19 urte eta 13 hilabeteko zigorra ezarri zioten, legez kontra elkartu, dokumentu publikoa faltsutu, lehergailuak izan, armak legez kontra eduki, lapurreta eta ebasketa delituak egotzita.

Kasu honetan, zigorraren hiru laurdenak 2024ko urtarrilean beteko ditu. Valentziako Espetxe Zentroko Tratamendu Batzordeak bigarren gradura aurreratzea proposatu du, eta Madril VI. kartzelako familien modulura eramango dute.

Fernando Grande-Marlaska Barne Ministeriora iritsi zenetik, ETAko 30 bat preso eraman dituzte Euskaditik gertuko kartzeletara, Espainiako Gobernuak baimenduta.

Maiatzaren 11n, esaterako, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak terrorismoagatik zigortutako Alvaro Juan Arri Pascual eta Josune Oña Ispizua presoak lekualdatzea baimendu zuen (30 eta 25 urteko zigorrak dituzte, hurrenez hurren, atentatu delituak egotzita). Jose Ramon Foruria Zubialdea, berriz, hirugarren gradura edo erdi-askatasuneko erregimenera pasatu zuten.

Apirilaren 30ean, koronabirusak eragindako alarma-egoera indarrean zegoela, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak ETAko beste hiru preso hirugarren gradura pasatzea baimendu zuen: Javier Aguirre Ibañez, Yagoba Codo Callejo eta Fernando Alonso Abad.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak argazkiak ETA gaur Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin