Politika -
EAEko hauteskundeak
Mendia: "EAEk inoiz baino gehiago gobernu indartsu eta egonkorra behar du"
Hautagai sozialistak esan du hauteskunde hauetan "gainditu beharreko erronka handia" dagoela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiaren ustez, gaur "inoiz baino gehiago, Euskadik gobernu indartsu eta egonkorra behar du, koronabirusaren krisiari aurre egiteko".
Urkulluk uztailaren 12rako hauteskundeak deitu ostean, Mendiak ohar batean azaldu duenez, hauteskunde hauetan "gainditu beharreko erronka handia dago, birusari aurre egitea txertoa eman arte, gure ekonomia berreskuratzea, eta inor atzean utzi gabe egitea. Lan ikaragarria dugu aurretik".
"Langileen eskubideak eta lana babesteko politika aurrerakoiekin" akordioak lortzearen alde agertu da hautagai sozialista.
"Hauteskundeak apirilaren 5ean ezin izan ziren egin; orain, hautestontzietara deitzen gaituzte, eta garai berri bat hasten da. Nik, zailtasunak zailtasun, itxaropen eta konponbide garaia izatea nahi dut", esan du.
Hautagai sozialistak adierazi duenez, "ahalegin guztia" egingo du euskal osasun publikoa "indartzeko" eta "jarduera ekonomikoa martxan jartzeko, enpleguaren bermea baita, gizartearen, aurrerapen kolektiboaren eta elkartasunaren ikuspegiarekin. Beti egin dugun bezala, akordioak lortzeko konpromisoa hartuko dugu", gaineratu du.