Politika -

KORONABIRUSA

Euskadi larrialdi-fasetik osasun-zaintzara pasatu da

Horrenbestez, amaitu egingo da EAEn koronabirusaren pandemiak eragindako osasun-larrialdiaren deklarazioa.

Dekretua asteartean argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Argazkia: EFE
Kartel batek oinezkoen noranzkoa mugatzen du distantzia sozialari eusteko
Dekretua asteartean argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadi "osasun-larrialdi" egoeratik "zaintza- eta kontrol-" fasera igaroko da gaur. Hala erabaki du Iñigo Urkulluren Gobernuaren ezohiko Gobernu Kontseiluak hainbat agiri aztertu ostean, besteak beste, osasun arloko bat. Horren ondorioz, uztailaren 12rako hauteskunde autonomikoen deialdia iragarri du lehendakariak.

Horrenbestez, amaitu egingo da Euskadin koronabirusaren pandemiak eragindako osasun-larrialdiaren deklarazioa. Neurri hori martxoaren 13an hartu zuen lehendakariak, legezko tresna gisa eta osasun-krisia geldiarazteko salbuespen-neurriak hartu ahal izateko, nahiz eta haren aplikazioa desagertu egin zen, egun bat geroago alarma-egoera ezarri baitzuen Espainiako Gobernuak lurralde nazional osoan.

Osasun-larrialdiaren deklarazio horrekin, lehendakariak lege-baldintzak jarri zituen Larrialdiak Kudeatzeko Euskal Legearen esparruan krisia kudeatu ahal izateko; izan ere, lege horren 8. artikuluan, zenbait neurri hartzeko aukera ematen du, hala nola pertsonak konfinatzea, arrisku-eremuetarako sarbidea mugatzea, zerbitzu publiko eta pribatuen erabilera eta ondasunen kontsumoa mugatzea, eta toki jakin batzuetan jarduerak debekatzea.

Dekretu horrek amaitutzat ematen du euskal erakundeen salbuespen-egoera, eta bihar argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Lehendakariak arratsaldean sinatu du Euskadiko Babes Zibileko Planaren zuzendaritzan eta koordinazioan laguntzeko Aholku Batzordea desegiteko dekretua. Hala ere, "osasun zaintzaren" fase berri honetarako Aholkularitza Batzorde Zientifiko bat martxan egongo da, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez. Nolanahi ere, egoera berrian, Segurtasuneko sailburuak, une horretatik aurrera eginkizun horiek bere gain hartuta, osaera desberdineko beste bat izendatu ahal izango du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak izango dira espazio itxietan eta kalean, 2 metroko segurtasuna gorde ezin bada, baita garraio publikoan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa