Politika -
Pintaketak
Mungiako eta Portugaleteko egoitzetako pintaketak salatu dituzte EAJk eta Podemosek
Aurreko egunetako kasuetan bezala, pintaketek Patxi Ruiz ETAko presoaren egoera salatzen dute
Agentziak | Erredakzioa
Elkarrekin Podemosek Portugaleteko bere egoitzan agertutako pintaketak salatu ditu. Horietan gose eta egarri greban dagoen Patxi Ruiz ETAko presoaren egoera salatzen dute. Podemosen hitzetan, “intolerantzia agerzen duen ekintza da, justifikaziorik gabekoa”, eta “ideiak irainik eta frentismorik gabe” defendatu behar direla azpimarratu dute.
Ohar batean, Podemosek adierazi du pintaketek “beste garai batzuetako irudia” dakartela gogora, eta deseskalatzearekin lotutako “benetako eztabaida garrantzitsuei” lehentasuna ukatzen dietela.
Halaber, “euren burua ezkertiartzat duten taldetxoek jarrera antidemokratikoak agertzea” azpimarratu dute. “Ideiak irainik eta frentismorik gabe defendatu behar dira”, esan dute, eta “elkarrizketa eta elkarbizitza demokraziaren oinarrian daudela” adierazi dute.
Azkenik, eta gertatutakoa Ertzaintzari jakinarazi diola argitu ostean, EAJko eta PSE-EEko egoitzetan aurreko egunetan agertutako pintaketak ere gaitzetsi dituzte.
EAJren egoitzan ere, Mungian
EAJren Bizkai Buru Batzarrak ere alderdiak Mungian duen egoitzan agertutako pintaketak salatu ditu. Aurreko egunetan bezala, Patxi Ruiz ETAko presoaren egoerari erreferentzia egiten diote. Jeltzaleek adierazi dutenez, pintaketak “azken astean jasandako sabotajeen sekuentzia onartezinaren adibide dira”.
Jeltzaleek Repelegako eta Mungiako egoitzetan agertutako pintaketak salatu dituzte. Bi kasuetan ‘amnistia’, ‘herriak ez du barkatuko’ eta ‘Patxi gose eta egarri greban’ idatzi dute.
EA: Pintaketak kaltegarriak dira
EH Bilduren barruan dagoen EA alderdiak ere pintaketei erreferentzia egin die eta “egileek ustez defendatzen dituzten bakegintza, eskubideak eta askatasuna helburuak lortzeko kaltegarriak” direla adierazi du.