Politika -

Hauteskundeak

Andoni Ortuzar: "Ez dugu presarik, une egokia dela uste dugu"

Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi duenez, “oposizioak ez du adostu hauteskundeetarako data alternatiborik”.  

Andoni Ortuzar. Argazkia: Efe.
Andoni Ortuzar.
Andoni Ortuzar. Argazkia: Efe.

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen ustez, euskal alderdi guztiek azpimarratzen dute EAEko hauteskundeak egiteko “berme sanitario eta demokratikoak” egon behar direla. Halere, esan du EH Bildu eta Elkarrekin Podemos kritiko izan direla uztailean egiteko aukerarekin, baina “ez dute adostu beste datarik bozak egiteko, ez dute irizpiderik bateratu beste noizbait egiteko”. EAJk, PSE-EEk, Equok eta PPk hauteskundeak “ahalik eta lehen” izatea nahi dutela esan du, “bermerik badago”. Halere, jeltzaleen buruak erantsi du PPk “diskurtso ezberdina” egin duela batzarrean eta batzarretik irtendakoan.

“Ganbara” Radio Euskadi eta Radio Vitoriako saioan egin dioten elkarrizketan, Andoni Ortuzarrek gogora ekarri du urriaren 25a “azken eguna” dela, eta azpimarratu du bozkatzea ez dela “EAJren apeta, baizik eta herritarren eskubidea”. Halaber, aitortu du aurrez aurrea daukagunarekin ezein Gobernu ez dela “onik aterako”.

Ortuzarrek udazken “beldurgarria” aurreikusi du, maila ekonomiko eta sozialean, eta, horregatik, bultzatu du euskal herritarrek “lehenbailehen erabakitzea zeinek gidatuko dituen, datorrenari aurre egingo dioten erakundeak izateko”.

Ortuzarren aburuz, alderdiek “normaltasun berri honetara” egokitu beharko dute hauteskunde kanpaina. “Ez luke zentzurik izango mitin handiko ohiko kanpaina batek. Alderdi bakoitzak igoera honi itzuri egiteko dauzkan proiektu eta proposamenak erkatu beharko dira”, esan du.

Herriko Etxe eta Batzokien kontrako erasoak

Uribe Kostako jeltzaleen hainbat Batzokik eta sozialisten hainbat Herriko Etxek jasandako erasoei buruz, Ortuzarrek esan du “beste garai batzuetara” garamatzatela eta gogora ekartzen digute “fatxa, abertzalea baina fatxa, den jende atzerakoia dagoela. Bitartekoek helburuak gaiztotzen dituzte, eta horrelako bitartekoek edozein helburu gaiztotzen dute”.

Radio Euskadik landu, eta eitb.eus-ek itzulitako informazioa

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Andoni Ortuzar EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Koronabirusa Alarma egoera