Politika -
Koronabirusa
Euskal alderdiak uztailean hauteskundeak egongo diren ala ez erabakitzeko bildu dira
Hauteskundeak bozketa-eguna baino 54 egun lehenago deitu behar dira. Beraz, datorren astean deirik egin ezean, uztailaren 12an ezingo dira egin.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria euskal alderdiekin bildu da gaur, asteazkena, hauteskunde autonomikoak uztailerako deitzen dituen edo ez erabakitzeko. Eztabaida ezin da gehiago atzeratu, hauteskundeak bozketa-eguna baino 54 egun lehenago deitu behar direlako. Beraz, datorren astean deirik egin ezean, ezingo dira uztailaren 12an egin.
EAJren iritziz, hauteskundeak uztailean egin behar dira; izan ere, orduan eginez gero, udazkenean krisi ekonomikoari aurre egiteko lanean arituko lirateke Jaurlaritza eta Legebiltzarra. Horrez gain, jeltzaleek osasun arrazoiak argudiatu dituzte hauteskundeak uztailean egiteko, irailerako utzi beharrean.
Eusko Jaurlaritzan gobernukide dituzten sozialistek ere komenigarritzat jo dute Legebiltzarra udazkenerako eratuta egotea, baina hauteskundeak egiteko osasun berme guztiak izateko beharra azpimarratu dute.
Alabaina, oposizioko hiru alderdiak (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP) aukera horren kontra agertu dira, eta hauteskundeak udazkenerako utzi nahi dituzte, behin koronabirusaren pandemia gaindituta eta "normaltasun berria" lortutakoan deitzeko.
Halaber, lehendakariari eta EAJri "interes elektoralista" izanda jokatzea leporatu diete, besteak beste, funtzionarioak beren lanpostuetara itzultzea agindu eta maiatzaren 18an aurrez aurreko klaseetara itzultzea erabakitzeagatik (aukera hori ikastetxe bakoitzaren esku utzi du orain). Oposizioaren esanetan, uztailean hauteskundeak egiteko asmoz hartutako erabakiak dira.
Sindikatuek ere Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu dute, eta Gurutzetako Ospitalean protesta artean hartu zuten. Gainera, hiru lurraldeak deseskalatze prozesuaren 1 fasera igaro ondoren, kudeaketa salatzeko protestak areagotu dira; izan ere, EAEn neurri murritzaile gehigarriak hartu ditu Jaurlaritzak, hala nola, etxeetan lagunekin bilerak egiteko debekua edo udalerritik ateratzeko aukerari uko egitea.
Deseskalatze prozesuan "kogobernantzak" Jaurlaritzari eragiten dizkion zailtasunak alde batera utzita, hauteskundeak uztailean egitea komeni dela azpimarratu du EAJk, baina lehendakaria beste data batzuk aztertzeko prest dagoela eta osasun baldintza egokiak izan behar direla gaineratu du.
EAEko hauteskundeak apirilaren 5erako deitu zituen lehendakariak, baina martxoaren 16an bertan behera utzi behar izan zituen, hauteskunde-kanpaina hasi baino lau egun lehenago, koronabirusaren agerraldia dela eta.
Arrimadasek eta Casadok bihar hitz egingo dute Ciudadanos-PP koalizioari buruz
Bestalde, Ines Arrimadas Ciudadanoseko buruak ostegun honetan aurreratu duenez, bihar, maiatzak 15, bilera telematikoa egingo du Pablo Casado PPko presidentearekin, Euskadiko egoeraz eta koalizioaz hitz egiteko asmoz.
Equo Berdeakek uztailean egin nahi ditu hauteskundeak
Testuinguru horretan, EAEko hauteskundeak uztailean egitearen alde agertu da Equo Berdeak, betiere osasun baldintzek horretarako aukera ematen badute.
"Irizpide sanitario argi, publiko eta objektiboak" oinarri hartuta, hauteskundeak aurreikusitako egunean egin edo bertan behera utz litezke, osasun egoerak bertan behera uztea aholkatuz gero, alderdi horren proposamenaren arabera.
Horren iritziz, uztailean botoa emateko orduan osasuna zaindu daitekeela bermatu ahal izanez gero, "herritarren botoa emateko eskubidea gailendu beharko litzateke, beste jarrera batzuen gainetik", eta, horregatik, prozesua adosteko arduraz jokatzeko deia egin die alderdi politiko guztiei.
Galizian, hauteskundeak uztailean egiteko asmoa dute
Bestalde, Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidenteak iragarri duenez, Galizian hauteskundeak uztailean egiteko prest dago; izan ere, Gobernua aholkatzen duten osasun adituen ustez, data hori izango litzateke "seguruena". Adituen esanetan, "uda hasieran izango da bozak egiteko arrisku gutxieneko unea".
"Ardurazkoa da hauteskundeak arrisku gutxien dagoenean egitea, arduragabekeria handia izango baitzen arrisku handia dagoenean egitea", esan du Feijook prentsaurreko telematiko batean, eta gaineratu du aukera hori "zuhurra" eta "zuzena" dela, Galiziako Gobernuaren aholkulari juridikoaren iritziz, COVID-19aren balizko beste agerraldi batek galiziarren botoa emateko eskubidea galaraz ez dezan.
Hauteskundeak uztailerako deitzeko asmoa badu ere, Feijook ez du datarik finkatu nahi izan, eta, hori egin aurretik, gaur arratsalderako deitu duen bileran oposizioari entzungo diola iragarri du.