Politika -

Kongresua

Espainiako Gobernuaren Justizia dekretua onartu dute, ERCren eta EAJren babesarekin

Proiektuak, besteak beste, ondoko neurriak biltzen ditu: epaitegiak arratsaldez ere irekita egotea, saioak telematikoki egiteko aukera eskaintzea eta lan-erregulazioei buruzko auzibideak arintzea.

Kongresuaren artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Kongresuaren artxiboko irudia.
Kongresuaren artxiboko irudia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak epaitegiak kolapsatzea ekiditeko asmoz aurkeztu duen errege-dekretua onartu dute Kongresuan, ERCren eta EAJren babesari esker.

Egitasmoak kritika asko jaso ditu, baita alde bozkatu duen taldeen partetik ere. Guztira, baiezko botoak 178 izan dira; ezezkoak, 161; eta abstentzioak, 10.

Ekimena lege-proiektu gisa erregistratuko dute eta taldeek euren zuzenketak aurkezteko aukera izango dute.

Juan Carlos Campo Justizia ministroak azpimarratu du talde guztietako Justizia kontseilariekin adostu dituztela neurriak, PPkoak eta Ciudadanosekoak barne, eta, ondorioz, arduraz jokatzeko eta proiektua babesteko deia egin du.

Alabaina, PPk, Ciudadanosek, Voxek, CUPek eta JxCatek kontra bozkatu dute, inbertsiorik egin gabe eta epaitegietan lantaldeak indartu gabe neurri horiek guztiak alperrik direla ohartarazita.

ERCk egitasmoa babeste erabaki du. Aipatu neurriak nahikoak ez direla esan du, baina zuzenketen bidez dekretua hobetzeko aukera badagoela ziur agertu da.

"Dekretu hori onena ez dela pentsa dezake norbaitek, baina atzera botatzea okerragoa izango litzateke", esanez justifikatu du EAJren aldeko botoa Mikel Legardak.

Unidas Podemoseko Enrique Santiagok onartu du badaudela hobetzeko hainbat gauza, eta azpimarratu du oposizioko taldeen, eragile juridikoen eta sindikatuen eskariak sartzen saiatuko direla.

EH Bildu, BNG eta Compromis abstenitu egin dira. Koalizio soberanistak ohartarazi du epaiketa telematikoak formaziorik eta kultura digitalik gabe egitea arriskua dela.

Dekretuak ekarriko dituen aldaketak

Espainiako Gobernuaren dekretuak, besteak beste, epaitegiak abuztuaren 11tik 31ra bitartean irekita egotea eta arratsaldeetan ere saioak egitea ahalbidetuko du.

Horrez gain, familiarteko gatazkak eta lan-erregulazioari eta enpresen itxierari lotutako auzibideak arintzea proposatzen du, baita saioak telematikoki egitea ere.

Halaber, lehentasuna emango diete adingabeen babeserako kasuei, hipoteka eta alokairuen ordainketarekin lotutakoei; laguntzak ukatzeagatik administrazioaren aurka ezarritako helegiteei; eta kaleratzeei.

Justizia ministroak adierazi duenez, koronabirusaren pandemiak eragindako krisiaren ondorioz hartzekodunen konkurtsoak % 246 hasiko dira aurten eta % 619 2021ean.

"2019an hartzekodunen konkurtsoak 7.000 izan baziren, datorren urtean 50.000 inguru aurkeztuko dira", ohartarazi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE Espainiako Gobernua Epaiketak Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak ERC