Politika -

Koronabirusa

Alarma-egoera hilabetez luzatu nahi du Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernua gainerako talde parlamentarioekin harremanetan jarri da, aukera horrek Kongresuan babes nahikoa lortuko lukeen jakiteko asmoz.

Espainiako Gobernuko presidentearen eta ministroen arteko bilera. Artxiboko argazkia: EFE
Espainiako Gobernuko presidentearen eta ministroen arteko bilera.
Espainiako Gobernuko presidentearen eta ministroen arteko bilera. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua alarma-egoera bosgarren aldiz luzatzea aztertzen ari da, baina oraingoan luzamendua hilabetekoa izango litzateke, eta ez hamabost egunekoa.

Konfinamendutik irteteko prozesua gauzatu bitartean alarma-egoera indarrean egotea nahi dute, baina Espainiako Kongresuan egindako azken saioan agerian geratu zen Pedro Sanchezen Exekutiboak gero eta babes gutxiago duela horretarako.

Negoziazio luzeen ostean, Ciudadanosek eta EAJk aldeko botoa eman zutelako egin zuen aurrera ekimenak. ERCk kontra bozkatu zuen eta PP abstenitu egin zen, baina beste luzamendu bat proposatuko balitz kontrako botoa emango duela iragarri zuen Pablo Casadok.  

Gauzak horrela, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordea talde parlamentarioekin harremanetan jarri da, alarma-egoera bosgarren aldiz eta hilabetez luzatzeko aukerarik ote dagoen jakiteko.

Sanchezek sarritan esan du hamabost eguneko epea jartzea ez dela derrigorrezkoa, baina berak hala egitea erabaki zuela luzamenduak hamabost egunean behin Kongresuan eztabaidatu behar izateko.

Espainiako Konstituzioak dio alarma-egoera lehen aldiz ezartzen denean gehienez hamabost egunekoa izan daitekeela, baina luzamenduak zenbatekoak izan behar diren ez du mugatzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea