Politika -
Deseskalatzea
Chivitek erantzukizuna eskatu du segurtasun neurriak betetzen jarraitzeko
Bestalde, Osasun Ministerioari lehenbailehen protokolo bat erabakitzeko eskatu dio, hurrengo ikasturtea segurtasun handienarekin hasi ahal izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak erantzukizunez jokatzeko deia egin die herritarrei koronabirusaren aurkako segurtasun neurriekin ez erlaxatzeko. Chivite Pedro Sanchezek igande honetan deitutako presidenteen arteko bederatzigarren bileran izan da.
Chivitek esan duenez, ministerioetako aginduek “argi” utzi dute “zeintzuk diren berreskuratu daitezkeen jarduerak eta zeintzuk zentro zabaldu daitezkeen”. Araudia Nafarroako egoerari egokitzeko garaian, azpimarratu egin du “jarduera horiek ezin direla lehenbailehen berreskuratu herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzen dituzten neurriak hartu gabe”.
16.000 milioi euroko funtsari buruz ere aritu da Nafarroako presidentea. Horren harian, “Nafarroan izango ditugun baliabide ekonomikoak zeintzuk diren jakin behar dugu osasun gastuei, gastu sozialei eta jarduera ekonomikoa berreskuratzeak eragingo dituen gastuei erantzun ahal izateko”.
Chiviteren hitzetan, “oinarrikoa da enplegua eta enpresen jarduera mantentzea”, eta “malguak izan behar dugu lan erregulaziorako txostenei beharrezkoa den denboran eusten ekonomiari berriro bultzada emateko”. Gainera, egoera sakon aztertzeko konpromisoa hartu du Nafarroan, elkarrizketa sozialerako abian jarritako ekimenean.
Hezkuntzan segurtasuna bermatzeko protokoloa
Azkenik, eta eskaeren txandan, Osasun Ministerioari lehenbailehen protokolo bat ezartzeko eskatu dio datorren ikasturtean ikasleen eta irakasleen segurtasuna bermatu ahal izateko. Halaber, “lana eta familia uztartzea ahalbidetzen duten neurriak” martxan jartzea oso garrantzitsua dela adierazi du.