Politika -
Deseskalatzea
"Osasun pertsonala" eta "ekonomikoa" uztartzeko unea dela esan du Urkulluk
Pedro Sanchezekin eta gainontzeko erkidegoetako presidenteekin egindako bileran, lehendakariak aurreko bileretako tonua leundu du eta gustura agertu da abian jarritako aginte partekatuarekin.
eitb.eus
Iñigo Urkullu lehendakariak “osasun pertsonala” eta “osasun ekonomikoa” uztartzeko momentua dela adierazi du koronabirusaren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko.
Urkullu Pedro Sanchez Espainiako presidenteak deitutako presidenteen arteko bederatzigarren bileran parte hartu du, bideokonferentziaz. Bertan deseskalatzearekin batera hasi berria duten aginte partekatuarekin oso gustura agertu da.
Lehen deseskalatze-fasera igarotzeak eskatzen duen zuhurtzia eta zorroztasuna azpimarratuz hasi du lehendakariak hitzegiteko txanda. Ildo horretan, lehendakariak gizarte osoari eskatu dio "konpromiso indibiduala eta kolektiboa mantentzen jarraitzeko".
Lehen fasearen ildotik jarraituta, Urkulluk esan du, bere ustez, fase berri honen gakoa inbertitzeko eta berraktibatzeko plangintzan dagoela. "Osasun sisteman, kohesio sozialean eta berdintasunean inbertitzeko unea da, baita suspertze ekonomikoan eta enpleguan ere".
Bukatzeko, lehendakariak hausnarketa partekatua egin eta adostasuna lortzeko gonbita egin die gainontzeko presidenteei. "Guztien arteko adostasuna planteatzen dut. Aurrean dugun errealitatea gizatasunez aitortzea. Gure gizarteari lagunduko dion argitasun ariketa bat da ", gaineratu du.