Politika -
Koronabirusa
Confebaski eta Jaurlaritzari batasuna ez bilatzea leporatu die Gorrotxategik
“Eragile politiko eta sozialek elkartu egin behar dugu normaltasun berriari buruz eta etorkizunean etorriko diren erronkei nola aurre egin pentsatzeko” esan du Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak.
Agentziak | Erredakzioa
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak “blokeen politika” egitea eta sindikatuekin eta eragile sozialekin konfrontazioa bilatzea leporatu die Confebaski eta Jaurlaritzari.
“Dinamika horiek gainditu egin behar ditugu krisi honetatik bateratuta ateratzeko. Norabide berdinean arraun egin behar dugu, behingoz”, esan du Gorrotxategik ohar batean.
Lehendakarigaiaren iritziz, osasun eta zaintza sistemak aldatzeko beharraren inguruan “adostasun handiak” daude, eta adostasun horiek “etorkizuneko erronketara” zabaldu behar dira.
Hori dela eta, “Euskadiren aldeko aliantza” bat egitea eskatu du, krisiaren osteko “errekuperazioaren pisua betikoen sorbaldetan ez jartzeko”.
“Eragile politiko eta sozialek elkartu egin behar dugu errealitate berriari buruz era etorkizunean aurre egin beharko diegun erronkei buruz pentsatzeko”. Erronka horien artean daude “ekonomia jasangarrira pasatzeko etorkizun berdea planifikatzea, eta bidezko sistema fiskal eraginkorra ezartzea”.