Politika -
Koronabirusa
Pandemiaren erronkei aurre egiteko "ikuspegi zabala" eskatu dio Urkulluk Europari
"COVID-19aren pandemiak gogor jo ditu gure gizarteak eta gure gaitasunak proban jartzen ari da. Gure etorkizuna Europar Batasunak ematen duen erantzunaren mende dago", azpimarratu du lehendakariak.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusaren pandemiaren ondorioz sortutako erronkei eta haiek gizartean eta ekonomian izango dituen ondorioei aurre egiteko “ikuspegi zabala” izateko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Europar Batasunari. Horrekin lotuta, gobernatzeko modu deszentralizatuak eta herritarrengandik hurbil daudenak eskatu ditu.
Robert Schuman Adierazpenaren 70. urteurrenaren harira, Iñigo Urkulluk hazkunde ekonomiko iraunkorra eta inklusiboa berreskuratzearen alde egin du bere adierazpenean.
Lehendakariak azaldu duenez, COVID-19aren pandemiak gogor astindu ditu gizarteak eta gizarteen egoerari erantzuteko duten ahalmena probatzen ari da. Urkulluren hitzetan, “gure etorkizuna” Europar Batasunak ematen duen erantzunaren araberakoa izango da.
“Gaur integrazio-proiektuaren sortze-printzipioak berreskuratzea eskatzen dugu, Schumanek eta Agirre lehendakariak defendatu zuten bezala”, azpimarratu du.
Lehendakariak aditzera eman du Euskadik bere ekarpena aurkeztuko diola “Europar Batasuna Lehengoratzeko Planari”, “Europaren etorkizuneko ikuspegiarekin” egin zuen moduan. Giza Garapen Jasangarrian oinarritutako hazkunde humanistarako, sozialerako eta inklusiborako proposamena egingo du.
“Euskadik konpromisoa hartzen du aurrerabidearen eta justizia sozialaren printzipioetan oinarritutako Europarekin, Europaren etorkizunak zehaztuko baititu Euskadiren etorkizuna eta biharko munduan izango dugun posizioa”, erantsi du.