Politika -
Koronabirusa
Urkulluk gaur azalduko du konfinamendua biguntzeko Euskadirako bere proposamena
Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean egingo du, 10:00etatik aurrera. Agerraldia eitb.eus-en izango da ikusgai, zuzenean.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan azalduko du, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, zein osasun-egoeratan dagoen Euskadi koronabirusaren pandemiagatik. Halaber, Jaurlaritzak konfinamendua biguntzeko Euskadirako duen proposamenaren berri emango du, Pedro Sanchezen Espainiako Gobernuari egin ondoren. Lehendakariaren agerraldia eitb.eus-en jarraitu ahal da zuzenean.
Euskadi osoa konfinamendua malgutzeko 1 fasera igarotzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Osasun Ministerioari; izan ere, Jaurlaritzaren iritziz, EAEk ezarritako baldintza guztiak betetzen ditu.
Hirugarren aldiz egingo du Iñigo Urkulluk agerraldia COVID-19aren pandemia hasi zenetik, osasun-krisian Jaurlaritzak egindako kudeaketaren berri emateko.
Apirilaren 2an azaldu zuen Urkulluk lehen aldiz Diputazio Iraunkorraren aurrean, bide telematikoa erabiliz, zein neurri hartu zituen koronabirusa ez hedatzeko, EH Bilduk eskatuta.
Apirilaren 24an, lehendakariak beste agerraldi bat egin zuen, berak eskatuta, aurrez aurreko bilera batean; hori bai, bileran segurtasun-neurriak izan ziren, birusa ez kutsatzeko, eta ohi baino parte-hartzaile gutxiago izan ziren topaketan.
Orduan, Urkulluk iragarri zuen prest zegoela beste behin egiteko agerraldia, Jaurlaritzaren kudeaketaren berri emateko, eta hurrengo agerraldia maiatzaren 8an egitea erabaki zuen Mahaiak. Halaber, EH Bilduren proposamen bat eztabaidatuko dute; izan ere, EH Bilduk mahaia osatzeko eskatu dio lehendakariari, alderdiekin eta eragile sozio-ekonomikoekin batera, osasun-erronka honi heltzeko.
EH Bilduren proposamena arbuiatuko dute
Diputazio Iraunkorrak EH Bilduren proposamen hori arbuiatuko du. Elkarrekin Podemos-IUren babesa jasoko du, baina EAJ eta PSE-EE kontra agertuko dira, eta PPk ere ez du aldeko botoa emango; beraz, ez dute onartuko.
Elkarrekin Podemosen iritziz, beharrezkoa da politika, gizarte eta ekonomia alorreko eragileak mahai batean biltzea, krisi honi elkarrekin egiteko aurre. Ondorioz, aldeko botoa emango du bozketan.
EAJk, baina, hainbat aldiz arbuiatu du EH Bilduren proposamen hori; izan ere, jeltzaleen ustez, badaude beste leku batzuk Eusko Jaurlaritzak COVID-19ari aurka egiteko hartutako neurrien berri alderdiei emateko, eta alderdiek proposamenak egiteko aukera dute foro horietan. PSE-EEk zalantzan jartzen du mahai hori eraginkorra izatea, eta nabarmendu du lehendakariari dagokiola, nolanahi ere, eraginkorra ote litzatekeen zehaztea.
PPk osoko zuzenketa aurkeztu du, Jaurlaritzako sail guztiak sektore-estrategietan eta susperraldi-planetan murgiltzea "beharrezkoa" dela iritzita.
Nekane Murga: "Konfinamenduaren malgutzea, Espainiako Gobernuarekin koordinatuta"
Nekane Murga Osasun sailburuak ostegun honetan azaldu duenez, bere asmoa da konfinamenduaren malgutzea Pedro Sanchezen Espainiako Gobernuarekin "koordinatuta eta erabat laguntzeko jarrerarekin" egitea. Hori bai, horren ustez, "herritarrengandik hurbilen dagoen erakundeak" egiten du jarraipena eta ezagutzen ditu ondoren euskal gizartearen beharrak.
Halaber, sailburuaren arabera, Euskadiren laguntza-maila "egokia" da, koronabirusaren kasuen kopurua "egonkor" dago, kopuru hori "txikiagotzen" ari da, eta epidemiologia-adierazleak ere "egokiak" dira.
Jarraitu lehendakariaren agerraldia zuzenean eitb.eus-en, 10:00etatik aurrera.