Politika -

Katalunia

'Proces' auziko zigorrak berrikustea erabaki du Auzitegi Konstituzionalak

Osoko bilkurak aho batez onartu ditu hamabi buruzagi independentistetako bederatzik jarritako helegiteak. Junqueras eta Romevaren helegiteak onartzea baino ez da falta.

Auzipetuak, epaiketaren lehen egunean. Argazkia: EFE
Auzipetuak, epaiketaren lehen egunean.
Auzipetuak, epaiketaren lehen egunean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako prozesu independentistaren aurkako 'proces' auziko epaia berrikusteko erabakia hartu du aho batez Auzitegi Konstituzionalak, Gorenak zigortutako hamabi buruzagi independentistetatik bederatzik aurkeztutako helegiteak onartu ostean. Zehazki, sedizioa leporatuta zigortu zituzten gehienak.

Oriol Junqueras ERCko buruaren eta Raul Romeva kontseilari ohiaren helegiteak onartzea baino ez da falta, baina, hori egin aurretik, independentismoaren aurka aurreiritzi "ideologikoak" zituztela iritzita Auzitegiko hamabi magistratuen aurka aurkeztu zuten idatziari erantzun behar diote.

Hala, Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu ditu Jordi Turull eta Dolors Bassa kontseilari ohiek (12 urteko kartzela-zigorra), Josep Rull eta Joaquim Forn kontseilari ohiek (10 urte eta erdikoa), Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak (11 urte eta erdikoa) eta Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak (9 urtekoa) jarritako helegiteak.

Carles Mundo eta Meritxell Borras kontseilari ohien helegiteak ere aztertuko ditu Konstituzionalak; izan ere, Gorenak isunak eta gaitasungabetzea ezarri zien desobedientzia leporatuta. Santi Vila kontseilari ohiari ere zigor berberak ezarri zizkion, baina ez du helegiterik aurkeztu nahi izan.

Auzi horrek Konstituzioan garrantzia berezia duela iritzita onartu ditu helegiteak Auzitegi Konstituzionalak. Auzitegiaren doktrinarik ez duen oinarrizko eskubide baten alderdi bati edo arazo bati egiten diote aipamena zigortutako buruzagi independentistek aurkeztu dituzten idatziek. Horrela, beraz, Gorenaren epaia berrikusteko lehen urratsa eman dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Delituak Espainiako Gobernua Espainia Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Auzitegi Konstituzionala Kataluniako prozesua zuzenean